Greba mugagabean jarraitzen dute Imegarreko langileek, zuzendaritzak kaleratutako bi langileen berronartu ditzan. LABen hitzetan, gaur ere jarraipen zabala izan du lanuzteak, eta beste gauza bat ere aipatu du sindikatuak: Lan ikuskaritza Laudioko lantegira bertaratu dela gaur, eta beste langile bat topatu duela grebalari baten lanpostua betetzen.
Langileen ordezkariek nabarmendu dute “erabat legez kanpokoa” dela hori. Azaldu dutenez, eurek deitu zuten lan Ikuskaritzara, bazutelako zuzendaritza horrelako mugimenduak egiten ari zenaren susmoa. “Orain, ikuskaritzak azalpenak eskatu dizkio enpresari lantegian ikusitakoaren harira”, nabarmendu dute sindikatuko kideek.
Elkarretaratze eta mobilizazio ugari egingo dituzte grebalariek aste honetan.
Aste honetan, elkarretaratze eta mobilizazio gehiago
Bihar Envaseseko langileekin batuko dituzte indarrak, 13:30ean, Ugarteko lantegian egon diren kaleratzeak salatzeko egingo den elkarretaratzean. Asteazkenean kotxe karabana egingo dute herrian barrena eta ostegunean Aldai plazan egingo dute elkarretaratzea, 11:30ean. Ostiralean, aldiz, mobilizazioa egingo dute goizean, 12:00etan Herriko plazan.
Horrez gain, grebalariek piketeak egingo dituzte egunero, goizeko zein arratsaldeko txanden hasieretan (5:30ean eta 13:30ean, hurrenez hurren).
Elkartasun keinuak
Grebalariek elkartasun keinu ugari jaso dituzte dagoeneko lantegi aurrean muntatutako piketean. Aurreko astean Laudioko BM supermerkatuko langileen eta El Tunel jatetxearen dohaintzak jaso zituzten. Gaur, aldiz, Tubacexeko LABeko ordezkariak bertaratu dira piketera, eta 675 euroko dohaintza egin diete langileei.
📢IMEGAR BORROKAN📢
— LAB Tubacex-Acva. (@labtubacex) April 22, 2024
Gaur bazkaria piketera eraman diegu #Imegar-eko langileei, grebaren 2. astean.#Tubacex-eko LABeko afiliazioak 675€ bildu ditu eta eman dizkiegu ere bai.
Elkartasuna guztion artean ehuntzen dugun sarea da.
GORA LANGILEON BORROKA!!@LABaiara @LAB_INDUSTRIA pic.twitter.com/n8MY8FFsPl