Topaketa berezia antolatu zuten Laudioko Udalak eta Elhuyarrek atzo Lamuza parkeko Kasinoan, Bizilabe egitasmoaren barruan. 10-14 urte bitarteko 18 gazte ari dira parte hartzen programa horretan, zientziari zein teknologiari lotutako proiektuak garatzen.
Egiten ari direna aurkeztu eta profesionalekin kontrastatzeko aukera izan zuten nerabeek atzo, bost emakume ikertzailerekin.
Honako hauek dira topaketan parte hartu zuten ikerlariak:
- Agurtzane Fresno Aranguren (Aceros Inoxidables Olarra)
- Aitziber Urkijo Luengo (URA Agentzia)
- Amaia Esquisabel Alegria (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila)
- Iratxe Riera San Martin (Laudioalde Lanbide Eskola)
- Eider Nuñez Viadero (Biofisika Institutua)
Dinamika sinplea baliatu zuten atzoko topaketan: Ikerlariak mahai batetik bestera saltoka aritu ziren, gazte-talde bakoitzak garatutakoa proiektua ezagutu eta euren esparru profesionalean egiten dutenari buruz mintzatzeko.
Modu horretan, helburu hirukoitza lortu dute Bizilabeko kideek: "Gazteek lehen eskutik ezagutu dute zientziaren eta teknologiaren eremuko profesionalen lana, eremu horietako emakumezkoak ikusarazi dira eta gazteek esku artean dituzten proiektuak garatzeko aholkuak jaso dituzte".
2022an jarri zen abian Bizilabe programa Laudion, gazteentzako eskolaz kanpoko jarduera moduan, zientzia zein teknologiarekiko interesa aisialdiaren bidez sustatzeko helburuarekin.
Argazkiak: Bizilabe eta Txabi Alvarado Bañares