Laudioko Udalak jakinarazi du amiantozko zuntzak dituen fibrozementua topatu dutela Granja kiroldegiko igerilekuko aldagela eta komunetan. Ostiralean piztu ziren alarma guztiak gizonezkoen aldagelan fibrozementua topatu ostean. Aldagela berehala itxi zuten eta Udalak enpresa espezializatu bati agindu zion instalazio guztiak ikuskatzeko. Jardun horretan ari zirela, igerilekuko emakumeen aldagelan ere topatu zituzten amianto zuntzak, eta espazio hori ere berehala itxi zuten.
Udalak Osalani eta Osasunerako Euskal Erakundeari bidali dizkio jakinarazpenak eta ikuskaritza lan gehiago egingo dituzte datozen egunetan.
Aldagelako komunak itxita
Garbiketa-lanak amaitu eta instalazioen osasun-segurtasuna ziurtatu bitartean, itxita jarraituko dute igerilekuetako emakume zein gizonezkoen aldagela komunak. Halaber, erabilgarri daude kirol azpiegiturak eta kiroldegiko gainerako norbanako aldagelak zein aldagela komunak.