Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Dagoen okerrena naiz: kanpokoa, txiroa, nahiko zaharra, bollera, lodia… eta horiek guztiak dira hitz egiteko gai handiak”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 4a, 15:10

Laudioko Gardea auzoan bizi da Daniela Hristova 'Didi'. / Aiaraldea.eus

DANIELA HRISTOVA ‘DIDI’ (Bulgaria, 1972) umoregilea da. Hiru urte daramatza Laudion bizitzen, baina igande honetan igoko da estreinako aldiz herriko oholtza batera, Gardeako jaietan. Orbeko etxean eskaini du bakarrizketa 15:00etan. Bere bizitzari eta sorkuntza prozesuei buruz mintzatu da.

Bulgariako zara jatorriz. Nola amaitu duzu Laudioko Gardea auzoan bizitzen?

Uf (barreak). Ez dakit, bizitzaren bidea izan da. 19 urte daramatzat Espainiako Estatuan, eta 15 Euskal Herrian. Bilbon bizi izan nintzen koronabirus ospetsua iritsi zen arte. Pisua utzi behar izan genuen orduan. Hiriko zurrunbilotik atera nahi genuen, eta etxe bila hasi ginen. Hiru hilabete genituen pisua uzteko, baina ez genuen toki berririk topatzen. Denok dakigu nola doan alokairuen afera guztia…

Pisu bat eskaini ziguten Laudion. Ikustera etorri ginen baina bunker bat zen. Emakume batekin genbiltzan auzoa ikusten. Etxe baten aurrean jarri ginen hitz egiten eta, halako batean, beste emakume bat atera zen bertatik. Galdetu zigun ea alokairuzko etxerik bilatzen genuen, eta guk baietz. Berak esan zigun deitu egin ziotela, bertara joango ginela esanez. Guk ez genekien nork deitu zuen ez ezer, baina etxea bisitatu genuen eta gure tokia zela ikusi genuen. Horrela amaitu nuen Laudion.

Kasualitate hutsez, beraz.

Erabat (barreak). 

"Maleta egin eta autobusa hartu nuen, itzulerarako txartelik eta dirurik gabe, ezer gabe"

Duela 19 urte iritsi zinela Espainiako Estatura. Nolatan?

Ni Bulgariako naiz. Espainiako Estatura ekarri ninduena ere izan zen ezusteko kontu bat. Drogekin arazoak izan nituen, mundu horretan sartu nintzen, nahiko gaizki nengoen eta atera behar nuen, ez zitzaidalako bizitza asko geratzen. 

Laguntza eskaini zidaten Gobernuz Kanpoko Erakunde batean. Ez nuen ezagutzen, ez nekien nora eramango ninduten ez ezer. Galdetu nien ea lagundu ahal ninduten, Bulgarian ez dagoelako inolako programarik, hil egiten zara. Handik egun batzuetara deitu ninduten, egun batzuk beranduago Espainiara joateko autobusa nuela esanez. Niri berdin zitzaidan nora joan. Gauzak hala, maleta egin eta autobusa hartu nuen, itzulerarako txartelik eta dirurik gabe, ezer gabe. Pentsatu nuen: “Bizitzak jakingo du nora naraman, kontu honekin amaitu nahi dut eta ez dut atzera itzuli nahi”. 

Valentziara iritsi nintzen, eta lau urte igaro nituen bertako errehabilitazio zentro batean. Beste istorio luze bat da hori. Baina lortu nuen zurrunbilo horretatik ateratzea, eta ikusi nuen bazela ordua nire bizitza eskuetan hartzeko. Modu horretan iritsi nintzen Euskal Herrira. Asko gustatu zitzaidan tokia, jendea, tratua… eta nire bizitza berreraikitzeari ekin nion hemen, apurka-apurka. Bigarren bizitza bat bizitzen ari naiz orain (barreak). 

Zerotik abiatu zinen, beraz. 

Bai, erabat. Ate oso handi bat itxi nuen nire atzetik, eta bizitzak beste ate bat ireki zidan. Bilbon amaitu nuen. Ezagutzen nuen hiria aurretik, bidaia batean egon nintzelako. Orduan pentsatu nuen: “Joe, a ze toki polita. Zer egiten dut nik Valentzian?”. Horrela amaitu nuen hemen.

Gero, bizitzan agertu izan zaizkit “nire aingeru biziak” deitzen ditudanak. Badago ezertaz ezagutzen ez duzun jendea zu laguntzeko prest dagoena. Esperientzia ederra izan da. 

Otsailaren 4 batean iritsi nintzen Bilbora, elurte erraldoi baten erdian, 70 eurorekin poltsikoan eta nora eramango ninduen ez nekien etorkizun batekin. Zori hutsez ezagutu nuen Portugaleko familia bat, adopzioan hartu ninduena bere etxean. Lana bilatzen eta mugitzen hasi nintzen gero, eta etxe berri bat dut orain. 

"Inor ez da toki batetik joaten bertan ondo dagoelako, jende orok bilatzen du beste toki bat ez dagoelako ondo bere sorterrian"

Asko aldatu da zure bizitza Bulgarian bizi zinenetik hona. Baina bertako bizimodua eta hemengoa, orokorrean, ezberdinak dira berez?

2005aren hasieran atera nintzen Bulgariatik. Urte ugari igaro dira ordutik hona. 
Inor ez da toki batetik joaten bertan ondo dagoelako, jende orok bilatzen du beste toki bat ez dagoelako ondo bere sorterrian. Nik arazo pertsonal bat izan du drogekin baina, hori albo batera utzita, kontuan hartu behar da Bulgaria dela Europar Batasuneko herrialde txiroena. Soldatak igo egin dira orain eta 500 euro ingurukoak izan daitezke. Prezioak hemengoak bezalakoak dira gutxi gorabehera, eta bizitza nabarmen gogorragoa da. Hemen badago ustelkeria, baina bertan askoz ikusgarriagoa da. ezin duzu ezer lortu mahaiaren azpitik dirua jarri ezean. Ezberdintasun asko daude. 

Sistema sozialista edo komunistan igaro nuen nire gaztaroa, alde sobietarrean. Nahiko itxia zen. Nire belaunaldiaren gehiengoaren asmoa zen ingelera, alemaniera edota espainiera ikastea, bertatik alde egin ahal izateko. 

18 urte nituen Berlineko harresia erori zenean. Institutuan nengoen sistema aldatu zenean. Beno, aldatu… mugak ireki zituztenean, bertatik atera eta koloreak ikusten utzi zigutenean. Bertan genuen bizimodura gehien gerturatzen dena Ipar Korea da gaur egun: kolore bat, zapata batzuk eta dena aberriaren alde. 

Sistema guztiek dituzte euren gauza on eta txarrak, baina gutxienez badut askatasuna nahi dudan tokian egoteko eta nahi dudana egiteko. 

Hona iristean hasi zinen zure sormena garatzen? Edo Bulgarian jada zenuen grin bat zen?

Hemen garatu nuen, duela ez asko. Bulgariako sistemak zuen alde ona bazen oso hezkuntza ona jasotzen genuela. Ni kirolean hasi nintzen, nire senide guztiak zirelako kirolariak. Horrez gain, Ekonomia karrera egin nuen, asko ikasi dut.

Sukaldaria bilakatu nintzen Euskal Herrira etorri nintzenean. Asko gustatu zitzaidan pintxoen atzean dagoen sormena. Beti izan naiz trebea eskulanetan eta sukaldea toki ona iruditu zitzaidan, beti dagoelako jateko zeozer eta ez zarelako hotzez hiltzen. Sukaldari titulua atera nuen orduan, eta denbora asko igaro nuen horretan lanean, harik eta erabaki nuen arte ateratzea  langileekiko esplotazioz betetako mundu horretatik. 

Bizitza “artistikoa”, nolabait esateko, duela 7-8 urte hasi zen. Nire lagun batek antzerki inprobisazio tailer bat egingo zuen, eta berarekin joatea proposatu zidan. Laudion izan zen tailerra. Kancaneo teatro taldeko kideek dinamizatu dute. Badira bi neska antzerki irnprobisazioa egiten dutenak, ikuskizunak… polita iruditu zitzaidan, eta ondo moldatu nintzen.

Hainbat ikastaro egin nituen gero: clowna, antzerkia… Nire lagun batek (Haizea Malabaricia idazleak) idazketa ikastaroak eskaintzen ditu. Berak bultzatu ninduen paperean ere gauzak islatzera, eta hori ere asko gustatu zitzaidan.

Gero sortu zen Lentejas musika taldea. Hiru neskek abiatu zuten, horietako bi Aiaraldekoak. Ez zuten baxujolerik eta nik esan nien ni izan ahal nitzela. 

"Bizitzako zorigaitz guztiak komedia bilakatzeari ekin nion, eta horrek salbatu ninduen"

Baina zuk bazenekien baxua jotzen?

Hori galdetu zidaten. Ez nekien, baina ikasi nuen eta taldean sartu nintzen. Orain apur bat geldirik dago proiektua, baina oso polita da. 

Jorratu dudan azken esparrua da komediarena. Beti gustatu zait oholtza, giroa, publikoa, goian egoteak ematen dizun adrenalina… Duela hiruzpalau urte oso urte txarra bizi izan nuen. Ukitzen nuen gauza oro izorratzen zen. Kolpeak, kolpeak eta kolpeak baino ez. Une batean gelditu egin nintzen, stand up komedia ikuskizun batera joan nintzen. Nire lagun Haizea Malabaricia zegoen bakarrizketa bat eskaintzen, eta irakasteko eskatu nion.

Banuen horrenbeste material buruan eztanda egiteko zorian nengoela. Bizitzako zorigaitz guztiak komedia bilakatzeari ekin nion, eta horrek salbatu ninduen. Umorea eta gauzak ikusteko modua aldarazi zizkidan. Orain batzuetan pentsatzen dut gauza txarrak gertatu behar zaizkidala, jendeari zer kontatu izateko. 

Baina hori duela gutxi izan da, ez?

Bai, urtebete baino apur bat gehiago. 

Ibilbide motz bezain oparoa, beraz.

Hori da. Despotorre jaialdian egin nuen nire lehen bakarrizketa, Bilboko taberna batean, eta publikoari asko gustatu zitzaion. Bost emakume umoregile geunden, eta gaueko izarra bezala ateratzen nintzen bertatik. 

Zorigaitzak komedia bilakatzen dituzula diozu. Zer gai jorratzen dituzu zure bakarrizketetan?

Bizitzako nire esperientziak kontatzen ditut gehienbat, beti apur bat apainduta dagoen arren. Ez ditut sekretuak esango, jendeak bakarrizketan bertan ikusi ditzan. 

Gai asko ditut. Lehena: ‘giria’ naiz. Aurrekoan Vox-en eskuorri bat iritsi zitzaidan etxera, atzerritarren aurkakoa. Zergatik bidaltzen didate zabor hori? Ez dakite ni kanpokoa naizela?

Hor duzu gai bat. Kanpokoa naiz, txiroa naiz, nahiko zaharra (52 urte ditut dagoeneko)… Okerrena naiz: bollera, lodia… eta horietako bakoitza gai handi bat da hitz egiteko. Bada nire iritzia eta ikuspuntua plazaratzeko modu bat gure inguruan ditugun gai eta arazoen inguruan, eta horietaz guztietaz barre egiteko. 

Aipatu dituzun gaiak modu serioan ere landu ahalko zenituzke. Zer tresna ematen dizkizu komediak beste genero batek ematen ez dizkizunak?

Gai interesgarria da hori. Batzuetan gelditzen naiz pentsatzera duela bi urte gai horietako bakoitza iltze bat zela nire buruan, eta negargurea sortzen zidatela. Orain topatu dut modua energia negatibo guzti hau deskargatzeko, zeozer positiboa eta polita bilakatzeko.

Batzuetan ez dut nire buruaz soilik hitz egiten. Banago prestatzen bakarrizketa bat Bibliako pertsonaiei buruz. Haurrentzako ipuinekin alderatu nahi ditut, argudiatzeko ea zergatik sinestu behar ditugun batzuk eta beste batzuk ez. Gai asko ditut (barreak). 

Nola garatzen dituzu bakarrizketak? Inprobisazioa eginez sortzen dituzu ideiak edo paperean idatzi egiten dituzu lehenbizi?

Dena dago elkar lotuta. Bakarrizketa bat egin nahi duzunean toki bat baino gehiagotan plazaratzeko ez dira bi emanaldi berdin ateratzen. Ideia nire buruan dut gehienbat, garatzen dut eta askotan jarri behar dut paperean, ideia asko direlako eta zer kontatu erabaki behar duzulako.

Dena den, gero ez naiz oholtzara paperekin igotzen. Behin idatzitakoa irakurrita eta esan nahi dudana hausnartuta, asko laguntzen dit inprobisazioak. Gogoko dut inprosibatzea, eta ikusten dudanean publikoa bero dagoela eta gaia gogoko duela, ahal dudan puntura arte egiten dut tira. Nahikotxo inprobisatzen dut, bai. 

"Gai sozialak jorratzen ditudanean nahiago dut nire esperientziatik abiatuta hitz egin. Modu horretan seguruago sentitzen naiz oholtzan, ez ditudalako mugak gaindituko"

Umoregileei egiten zaien galdera tipiko bat da komediaren mugena, ea edozein gairi buruz egin daitekeen barre, eta umorea behetik gora edo goitik behera egiten den… zuk mugarik jartzen diozu zure buruari zentzu horretan?

Bai. Gai sozialak jorratzen ditudanean nahiago dut nire esperientziatik abiatuta hitz egin. Modu horretan seguruago sentitzen naiz oholtzan, ez ditudalako mugak gaindituko, niri gertatu zaizkidan gauzez eta nire esperientziaz hitz egiten dudalako. 

Badaude mugak. Badakizu emakume gutxi daudela oholtza gainean komedia egiten. Orain apur bat gehiago jarri da modan mikrofonoa, eta ateratzen dira emakume umoregileak, eta oso onak gainera. Baina egoera orokorrak berdina izaten jarraitzen du: mutilak edo, hobeto esanda, gizon zaharrak, umore nahiko txarra egiten.

Denok begiratu behar dugu gure ingurura, ez erortzeko ahotsik eman behar ez zaien gaietan. Ez ditut emakumeak iraintzen, ez ditut trans pertsonak iraintzen… saiatzen naiz ere gehiegizkoak diren biraoak ez erabiltzen, badaude hitz asko nire bokabulariotik kendu ditudanak… Gure inguruan badugu zabor asko jorratzeko modukoa, ez dugu zertan beste gaietan sartu behar.

Ez dut ‘feminista’ hitza gogoko, ez ditudalako gustuko ‘ista’-n amaitzen diren berbak. Baina bai, banaiz feminista, gauza asko gertatu zaizkidalako emakume gisa, gauza asko debekatu dizkidatelako bizitzan emakume izate hutsagatik… Gauzak hala, ondo ikusten dut emakume batek bere esperientzia propioak kontatzea oholtza gainean, kritika sozial moduan. Baina ez dut ondo ikusten gizon bat oholtzara igotzea emakumeei gertatzen zaienari buruz hitz egiteko. Nik ezin dut gizon baten izenean hitz egin, eta alderantziz ere ez litzateke egin beharko. 

"Egoera orokorrak berdina izaten jarraitzen du: mutilak edo, hobeto esanda, gizon zaharrak, umore nahiko txarra egiten. Denok begiratu behar dugu gure ingurura, ez erortzeko ahotsik eman behar ez zaien gaietan"

Txistea nork kontatzen duen da gakoa, beraz. 

Noski. Egiazkoa eta polita izan dadin errespetua izan behar dugu gure buruekiko eta gure inguruan dauden pertsonekiko. Duela gutxi emakume umoregile bat oholtzara igo zen edertasun zentro batean neska batekin gertatu zitzaiona kontatzeko. Neska hori txinatarra zen, eta umoregilea ahozkera txinatarra imitatzen aritu zen. Emanalditik ateratzeko gogoak sortu zitzaizkidan. Nire lagun bat joan gero berarengana, ikusitakoa gustatu ez zitzaiola esateko, eta umoregileari ez zion inolako graziarik egin. Orduz geroztik ez dut berari buruzko berri gehiagorik izan. 

Zure bakarrizketetara itzuliz, nolakoa ari da izaten publikoaren aldetik jasotzen ari zaren harrera? Jendea identifikatuta sentitzen da kontatzen duzunarekin?

Uste dut nik kontatzen ditudanak badirela gure inguruan gertatu diren bizipenak. Batzuetan jendea ez da horretaz konturatzen entzuten duen arte, eta identifikatuta sentitzen da orduan.

Adibidez, nik nahikotxo jorratzen dut loditasunaren gaia. Bakarrizketaren unea batean hegazkinei eta bertako eserlekuei buruz hitz egiten dut, edo gimnasioaz… pertsona lodiok egunero egiten dugu talka gauza horiekin, baina lodia ez den pertsona batek ez, eta horri buruz entzuten duenean konturatzen da. 

Umoreak balio du orduan kontzientziak aldatzeko?

Bai, nahikotxo, ez delako modu tradizionalean plazaratzen den zerbait. Ez da idatzizko artikulu bat edo liburu bat.  

Irrazionalagoa da.

Bai, irrazionalagoa da. Eta ezberdinak diren gauzek talka egin ohi dute. 

"Gai pertsonalak izango ditut hizpide, nire “mundu lodiaz” hitz egingo dut, mundu hau kabitzen ez zaidala kontatzeko"

Igande honetan eskainiko duzu bakarrizketa Orbeko Etxean. Zer aurreratu dezakezu emanaldi horren inguruan?

Etorri nahi duena ongi etorria izango da. Gai pertsonalak izango ditut hizpide, nire “mundu lodiaz” hitz egingo dut, mundu hau kabitzen ez zaidala kontatzeko.

Espero dut jendea gustuko izatea. 30-40 minutuko emanaldia izango da, eta nire helburua izango da jendeak etengabe barre egitea. 

Laudion eskainiko duzun lehen emanaldia izango da. Presio gehigarririk ematen dizu horrek?

Ezagun ezezaguna da niretzat Laudio. Hemen bizi naiz, baina harreman gutxi dut hemengo jendearekin. Berez, badut Laudiorekiko kritika bat, etorri nintzenetik dudana: herri honetan badago artearen esparruan dabilen jende asko, baina hemen ez da ia ezer egiten. 

Hori ere izango duzu hizpide bakarrizketan?

Bai, agian bai (barreak). Laudiora etorri nintzenean berehala sumatu nuen badaudela aukerak gauzak garatzeko, baina artearen esparruan dabiltzan pertsonak beste toki batzuetara doaz, oso gauza gutxi egiten dira hemen. 

Hiri handi batetik nator, landa eremuan lan egiten dut eta Laudion etxean egoten naiz gehienbat. Gauzak hala, lagun-sare txikia dut hemen. Horregatik, bistaz ezagutzen nauen jendea agian harritu egingo da ni oholtza gainean ikustean. Espero dut ondo ateratzea eta jendeari gustatzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide