Eurek egindako xaboiak saldu dituzte gaur La Milagrosa Ikastetxeko 2. DBHko gazteek. Elkartasun azoka 08:45ean eta 12:45ean antolatu dute eta bildutako dirua tokiko Caritasi emango diote. Xaboiren bat geratuz gero, bihar goizean ere salgai jarriko dute.
Gazteek glizerinazko xaboiak ekoiztu dituzte eskuz, olio esentzialak erantsita (labanda, tearen zuhaitza, yuzu, mendafina, menta piperita zein litsea). Hizkuntzen eta zientziaren saila barne hartzen duen diziplinarteko proiektuaren barruan garatu dute egitasmoa, elkarlanean oinarrituta. Bertan, ikasleek gutun formalak egin behar izan dituzte ikastetxeko zuzendaritzarentzat; olioei buruzko azalpen-testuak osatu, eta xaboiak egiteko jarraibideak zehaztu, eta horien salmentaren berri eman behar izan dute.
Ondoren, albiste bat idatziko dute gertatutakoaren berri emateko. Era berean, aurrekontuak, eskaerak eta balantzeak egin dituzte.