ASASAMek irabazi du Bizkaiko eta Arabako buru osasunari lotutako elkarteek eta zentroek jokatzen duten futbol aretoko liga. Berez, partida guztiak irabazi dituzte aiaraldearrek, bat salbu, zeina berdindu zuten, eta horri esker txapeldunak izan dira lehiaketa bukatu baino lehen.
Edonola ere, Jon Ovejas Nuñez entrenatzaileak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari bidea ez dela erraza izan: "Partida batzuk errazak izan dira, baina beste batzuetan aurkariak oso zailak izan dira".
Urrian hasi ziren norgehiagokak eta maiatzaren 31n izango da azken partida Zamudion. Han banatuko dituzte talde zein norbanakoen sariak eta ospakizuna egongo da gero.
Jon Ovejas Nuñezek azpimarratu du kirola eta dieta ezinbestekoak direla buru osasuna zaintzeko eta kirolean aritzeak talde izaera ematen diela parte hartzaileei: "Euren arteko harremana hobea da". Berez, astean bitan entrenatu dute kirolariek eta alde fisikoa eta psikologikoa jorratu ez ezik, Athletic Fundazioko teknikarien bisita izan dute astero, kirolaren alde teknikoa lantzeko.