Sugarrak klubeko haur taldeko mutilak txapeldun izan dira, asteburu epikoa borobilduta

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 14a, 10:25

Sugarrakekoek ondo baino hobeto ospatu zuten garaipena. / Sugarrak

Zaleek harmailak bete arren, ahalegin izugarria egin behar izan zuten Sugarrakeko jokalariek Arabako Txapelketa irabazteko, eta kemena erakutsi behar izan zuten partidak irabazteko.

Igaro berri den asteburua bizia izan da Granja kiroldegian, baina amaiera zoriontsua izan du Laudioko jokalarientzat. Izan ere, jokoan egon da Arabako Saskibaloi Txapelketako haur kategoriako Lauko Finala, eta Sugarrak izan da irabazlea.

Laudioarrak konfiantzaz beterik heldu ziren lehiaketako azken txanpara, beste aurkari guztiak menperatu baitzituzten liga fasean, zailtasun berezirik gabe. Edonola ere, Lauko Finalean aurrekariek ez dute inolako baliorik eta berehala konturatu ziren horretaz.

Gauzak horrela, larunbatean Zabalganaren kontra neurtu zituzten indarrak eta hirugarren laurdenera heldu arte ez zuten lortu abantaila nabarmena ezartzea markagailuan. Azkenean, gasteiztarrek bultzada eginda, markagailu motzarekin bukatu zuten irabazten laudioarrek.

Igandean final elektrikoa

Behin finalera igarotzea lortuta, igandeko 18:00etan jokatu zuten txapelketa erabaki behar zuen norgehiagoka. Granja udal kiroldegiko harmailak jarraitzailez bete ziren eta partidaren presioa igo zuten.

Testuingurua, hasieran, Sugarrakeko jokalarien aldekoa izan zen eta, lehen bi laurdenen ostean, 20-11 izan zen emaitza. Partidaren bigarren zatian, ordea, gidoia erabat aldatu zen. Julen Vazquez klubeko presidenteak nabarmendu du Lakuakoek kategoria horietan erabiltzen ez den taktika baliatu zutela eta zonan defendatzen hasi zirela. "Oso arraroa da trebatzen ari diren maila horietan zonan jokatzea. Arruntena da kadeteetan egitea. Gure jokalariek ez dute inoiz landu eta ez zekiten nola erantzun. Azkenean, blokeatu ziren".

Txinpartak harmailetan eta kantxan

Taktika horri esker, Lakuako taldeak markagailua irauli zuen eta aurrea hartu zuen. Bere zaleek ere estutu zuten eta harmailetan nagusitu ziren. Finala galtzear zeudela zirudienean, ordea, Sugarrakeko hiru kidek taldea hartu zuten euren gain eta bultzatu zuten berriro abantaila lortu arte. 

Laudioko zaleek giroa berotuta erantzun zuten eta nahiz eta Lakua berriro aurretik jarri zen, amaieran tokikoak gailendu ziren markagailuan, 41-38 emaitza estuarekin. 

Indar eta kemen erakustaldiaren ondoren, Euskadiko Jokoak jokatuko dituzte hurrengo asteetan eta Vazquezek uste du badituztela irabazteko aukerak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide