Irailean aurkeztu zuten Aldatu gidoia ekimena eta larunbat honetan helduko da planteatu zuten lehen erronka: mobilizazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, 17:30ean.
Iniziatibaren exijentziak eta filosofia bertatik bertara ezagutzeko aukera bikaina eskainiko dute ostegunean Faktorian, solasaldia egongo baita ekimenaren sustatzaileetako batekin, 19:00etan. Fermintxo Zabala plataformako kidea prest egongo da zalantzak eta galderak erantzuteko, azalpenekin batera.
Berez, ekimenaren helburua da euskara jartzea komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen erdigunean eta horretarako hainbat aldarrikapen ditu, erakunde publikoei dagokienez bereziki. Izan ere, plataforma babesten duten kultura, euskalgintza, sindikalgintza eta hezkuntzako 31 eragilek exijitu diote EITBri euskarari lehentasuna ematea.
Horrez gain, streaming plataformetan edota bideojokoetan euskara sustatzearen alde ere egiten dute Aldatu gidoia iniziatibako bultzatzaileek. Hauek dira Eusko Jaurlaritzari bideratutako aldarrikapen nagusiak:
- Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuetan urteko %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea. Biztanleko urtean 9 euro.
- EITBk Euskal Herri osorako jardutea.
- Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa-azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko legeak agintzen duen bezala.
- Inklusioaren eta hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik azpidatzien erabilera politika diseinatu eta erabilera orokortzea.
- Zinema eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea.
- EITBn euskarazko kulturari eta euskal sortzaileei lehentasunezko tokia egitea.
- Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea.
Aiaraldea Ekintzen Faktoriak osatzen duen erakundeak (Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak) ere bat egin du aldarriarekin, eta horregatik antolatu du osteguneko zita.