Palestinarren Nakba izan zenetik 76 urte bete dira gaur. Efemeride hori baliatuta, mobilizazioa deitu dute Laudioko Gaztetxeak eta GKSk Lamuza plazan, “Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka”.
Urteurrenari aipamena eginez hasi dute elkarretaratzearen osteko irakurketa. “Duela 76 urte, sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik sortu zen ofizialki Israelgo Estatua, Mendebaldeko potentzia inperialisten babesarekin”, ekarri dute gogora, eta nabarmendu dute gertaera hark “argi” erakusten duela “estatu sionistaren oinarriak Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik”.
🇵🇸Palestinarren Nakba izan zenetik 76 urte bete dira gaur. Efemeride hori baliatuta, mobilizazioa deitu dute @LaudioGaztetxea k eta @GKS_aiaraldea k Lamuza plazan, “Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka”.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 15, 2024
Ikusi argazkiak eta bideoa hemen👉https://t.co/KQFNgte6ht pic.twitter.com/owohaeevJv
Israelek azken hilabeteetan eginiko sarraskia salatu dute Gaztetxeko eta GKSko kideek, baina gaineratu dute “Mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua” dagoela “estatu sionistaren inpunitatearen oinarrian”.
Horri lotuta, PSOEren gobernuan jarri dute begirada: “Palestinaren aldeko adierazpenak egin eta laster Palestinako Estatua aitortuko duen arren, Israeli inoiz baino arma gehiago saltzen ari da eta estatu sionistarekin harreman diplomatiko, politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen du. Hau da, genozidioa aktiboki babesten ari da. Horregatik, guk Espainiako gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien posizio hipokrita salatzen dugu”.
Horrez gain, nabarmendu dute “txanpon beraren bi aldeak” direla “palestinar herriaren aurkako sarraskia eta Mendebaldeko herrialdeen militarizazioa”. Horren aurrean, premiazkotzat jo dute “klase kapitalistari aurre egingo dion nazioarteko indar sozialista bat antolatzea”.
Bukatzeko, deia luzatu dute larunbatean Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean egingo duen mobilizaziora batzeko. Jakinarazi dutenez, bertara joateko auto kedada egingo dute 10:00etan.