Hiru urte igaro dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriak bere ateak ireki zituenetik eta bi ekimen berezi prestatu ditu hori ospatzeko. Lehenengoa asteburu honetan izango da, maiatzaren 18an eta familia eta umeei zein nerabeei bideratuta dago, bereziki.
Izan ere, Faktoria adin oroko lagunentzako topagunea izan da hiru urte hauetan eta ume eta nerabei dagokienez, Kokoriko Ekintza Faktoriak hartu du horren ardura gehienbat, eta jai hau ez da salbuespena izango.
Horrela, 16:30ean puzgarriak (bi ezberdin ekarriko dituzte), jolas librerako gunea, eskulanak eta zirko gunea egongo dira. 19:00etan pizza tailerraren eta afariaren txanda helduko da eta 20:00etan Wallas magoarena.
Azkenik, gaua Faktorian igaro nahi dutenek, horretarako aukera izango dute, gaubela egingo baita. Ekintza horretan izena emateko Faktoriako webgunea edota 722 22 75 32 telefonoa baliatu daitezke.