50 urte bete ditu LABek aurten eta, hori dela eta, ekitaldiak eta ekimenak egiten ari sindikatua hainbat eskualdetan. Aiaraldean iragan maiatzaren 10ean egin zuten mende erdiko ibilbidea ospatzeko ekitaldia, Amurrio Antzokian.
Bertan, aitortza egin zieten antolakundea osatzen duten pertsona guztiei, "komunitatera batu den azken gaztetik bizitza osoa borrokan daramatzaten pentsiodunetara". Horrez gain, eskerrak eman zieten baita borrokan topatu dituzten eragile eta sektore guztietako kideei.
Aiaraldean 1974tik
Sindikatuak Aiaraldean eginiko ibilbidea errepasatu zuten Amurrio Antzokian. Zehaztu zutenez, 1974. urtean sortu zen sindikatua "masa erakunde moduan", eta orduan klandestinitatean aritu ziren eskualdeko lehen militanteak. "Aiaraldeko kide horiek, eskualdeko beste kideekin batera, erabaki zuten korporatibismoa baztertu eta asanbladak indartzea, langile klasearen subjetu moduan artikulatuta. Por las asamblaes, hacia la unidad lema defendatu zuten gure kideek irmotasunez egoera hartan".
"Aiaraldeko kide horiek, eskualdeko beste kideekin batera, erabaki zuten korporatibismoa baztertu eta asanbladak indartzea, langile klasearen subjetu moduan artikulatuta.
Horrela, "borrokaz borroka indartuz" joan zen langile erakundea, ekitaldian nabarmendu zutenez. Horrela iritsi ziren 1980. hamarkadara, zeinetan "Aiaraldeko LABeko kideak metalean eta beste hainbat borroketan egon ziren". Horri lotuta, gogora ekarri zuten sindikatu nagusiek "errekonbertsioa onartu" zutela, eta LABek "industriaren defentsa" aldarrikatu zuela horren aurrean. "Aceros de Llodion gertatutakoak ondo gogoratuko dituzue batzuek".
Antzoki oholtzan nabarmendu zutenez, 40 urte hauetan Aiaraldean ia ez da egon borroka sindikalik LABen presentziarik gabe. Horri lotuta, erakundeko kideek aldarrikatu zuten "langile klasearekin eta langile borrokaren erreferentzia" izatea lortu dutela Aiaraldean, eta askotan utzi dutela sindikatuaren marka albo batera, "langileak eta euren borrokak erreferenteak izan zitezen, edo eskualdean borroka indartsu eta potenteak artikulatu ahal izateko".
Egiteko modu hori datuetan islatzen dela gaineratu zuten: "Maximo historikoetan gaude ordezkaritza sindikalari dagokionez, gure presentziaren handitzearekin Aiaraldean, Araban eta Euskal Herri osoan".
Arrakasta hori "lorpen kolektiboa" dela aldarrikatu zuten, baina gaineratu zuten "erronka garrantzitsuak" dituztela aurretik. Ekitaldian bertan zerrendatu zituzten horietako batzuk: zabaltzen jarraitzea, langileak aktibatzea, borrokak sustatzea eta "sindikalgintza ekosozialista, feminista eta antiarrazista" bultzatzen jarraitzea, besteak beste. Eskualdean ere jarri zuten begirada: "Erronka handia dugu Aiaraldean. Hemen dagoen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta, enpleguaren eta etorkizunaren defentsan jarraitu behar dugu".
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte