Ganbegi Hockey Taldeak "aski da" esan zuen asteburuan eta horrela jakinarazi du sare sozialetan plazaratutako irakurketa baten bidez. Berez, larunbatean partida jokatu behar zuten laudioarrek Donostian, Brontzezko Play Offetan, baina ez bertaratzea erabaki zuten, aurreko asteburuan gertatutako liskar baten harira ezarri dituzten zigorrak ikusita.
Berez, duela bi asteburu Ganbegik Xixonen jokatu zuen eta bere jokalari baten eta hango taldeko beste baten arteko liskarra sortu zen. Horrez gain, publikoan zegoen gizonezko bat ere sartu zen zelaian. Ostiralean, Ganbegiko jokalariaren kontrako zigorra zehaztuta zegoen, baina Xixongo klubaren aurkakoa, aldiz, ez, astebete atzeratu dutelako ebazpena. Horrez gain, liskarrean parte hartu zuen jokalari asturiararren izenik ez zuen jaso epaileak aktan.
Horrek guztiak sutu zituen Ganbegiko kideak eta Donostiara ez joatea erabaki zuten. Tokiko klubak azaldu du ez dela gertakari isolatua. Azken denboraldietan federazioan kritikatu dute epaileek talkak kudeatzeko duten modua.
Halaber, azaldu dute zenbait klubek eta antolatzailek gaizki tratatzen dituztela jokalariak edota talde teknikoak, ez bakarrik Ganbegikoak, klub guztietakoak baizik: "Guk argi dugu gure jokalari batek gehiegizko indarra erabiliz gero edo txarto hitz eginez gero, zigorra dagokiola, baina epaileek duten jarrera ez da egokia, ezta lehiaketa batzordeetatik egiten den kudeaketa ere. Maiz aktetan jasotzen dituzte gertatu ez diren egoerak eta inork ez ditu kontrolatzen. Federazioek esaten dute gutxi garela, jokalariak eta epaileak, eta azken hauek errespetatu behar direla, baina gure iritziz epaileak ez daude prestatuta eta zenbait marra ezin dira gainditu".
Gauzak hala, Ganbegik salatu du azken denboraldietan klubak txartel gorriak jaso dituela epaileei eskatu izanagatik jokalariei ez oihukatzeko, adibidez.
Zigor gehiago?
Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio klubari ea zigorra jasoko duten Donostiara ez bertaratzeagatik, eta Ganbegik erantzun du litekeena dela. Baina, hala ere, euren ustez, protesta egin behar zuten, "gertatzen dena ez delako onargarria".