20.000 especies de abejas Esti Urresolaren filma eztabaida politikoaren erdian egon da azken orduetan. Izan ere, Burrianako udal liburutegiko erabiltzaile batek, Compromís taldearen bitartez, salatu du laudioarraren filmaren zein Barbie pelikularen erosketa boikoteatu duela Vox alderdiko kultura zinegotziak, Jesus Albiolek.
Antza, eskuin muturreko ordezkariak bi ikus-entzunezkoak baztertu zituen transexualitatea eta emakumearen ahalduntzea lantzen dituztelako.
Albiolek, informazioa ukatu ordez, adierazi du datu horiek zabaldu dituen udal langilearen kontrako zigorra exijituko duela.
Alkateak atzera egin du
Jorge Monferrer Daudí Burrianako alkateak (Alderdi Popularrekoak), ordea, koalizioko udal gobernuko kidearen erabakia bertan behera uztea erabaki du.
Hain zuzen, gaur oharra plazaratu du eta ziurtatu du bi filmak herriko udal liburutegian egongo direla. "Burriana guztioak gara", adierazi du, eta erantsi du ezin dela egon oztoporik materialak eskuratzeko LGTBI+ kolektibokoa izateagatik edota genero diskurtsoagatik.
Halaber, iragarri du bilera deituko duela bere gobernuko kideekin, horrelako gertakariak ez errepikatzeko.