Laudioko EAJk proposamena eramango du Udal Osoko Bilkurara Abasto plazan egin behar diren lanen harira. Izan ere, jeltzaleen aburuz, "merkatarien jarduera lekuz aldatzea behar bezala planifikatu ez izanak arriskuan jartzen du negozioen jarraipena".
Egoera hori kudeatzeko, EAJk eskatuko du koordinazio-mahaia berehala sortzea. Mahai horretan, inplikatutako arloetako teknikariak eta Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztietako ordezkariak egongo lirateke, komunikazio erraza eta eraginkorra sortzeko asmoz.
Horrez gain, EAJk aldarrikatu du plazako negozioak kalterik gabe birkokatu behar dituela Udalak, lokal egokiak bermatuta eta baimen guztiekin. "Obrek merkatariak jarduera uztera behartzen badituzte, etenaldi hori bost egun baino gehiagoz ez luzatzeko" eskatu du Ander Añibarro bozeramaileak, eta sortutako balizko galera ekonomikoengatik negozioei konpentsatzea.