Abiadura neurtzeko radarra funtzionatzen hasiko da Laudioko lau kokapenen artean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 27a, 13:00

Laudioko herriguneko radar kutxetako bat. / Aiaraldea.eus

Udalerrian ibilgailuen abiadura baretzeko kanpaina baten barruan dago ekimena. Ekainaren 1ean piztuko dute radarra txandaka: Karmengo Ama Birjina eta Goienuri kaleen eta Areta eta Gardea kaleen artean.

Laudioko Udalak iragarri du ekainaren 1etik aurrera egongo dela indarrean ibilgailuen abiadura baretzeko kanpaina. Neurririk deigarriena izango da Karmengo Ama Birjina eta Goienuri kaleen eta Areta eta Gardea kaleen artean abiadura handiko radar ibiltaria jarriko dutela, txandaka.

Horrez gain, beste bi gailu ere jarriko ditu tokiko erakundeak. Alde batetik, pertsonen presentzia antzematen duen argiztapen adimenduneko sistema bat instalatuko du Nerbioi kaleko zebrabidean, 32 eta 34 zenbakien artean. Bestetik, bi radar jarriko ditu Zumalakarregin eta Goikoplazan, abiadura-muga errespetatu den ala ez kontuan hartuta aurpegi zoriontsu edo triste bat erakutsiko dutenak.

Hori ez da guztia izango. Izan ere, “Lasai hartu, errespetatu abiadura” sentsibilizazio-kanpaina ere egingo da, hiri-eremu osoan ezarritako gehieneko abiadura errespetatzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi duena. Horrez gain, informazio-panelak jarriko dira landa-inguruneetan, abiadura-seinaleen ondoan, oinezkoen aurrean kontuz ibiltzeko eskatuz. Zehazki, Larrazabal, Arraño, Santa Luzia, San Bartolome, Santa Kurutze eta Gardeagotxi inguruetan egongo dira ikusgai.

Bide-hezkuntza

Ikastetxeetara ere zabalduko dute ekimena. Udako oporretatik bueltan, eta irailaren 22an ospatzen den Autorik Gabeko Munduko Eguna aprobetxatuz, trafikoari buruzko sentsibilizazio-kanpaina hasiko du Udalak eskoletan, familiei eta ikasleei zuzendua.

Irailaren 23an, astelehena, gonbidapena luzatuko diete ikasle, irakasle eta familiei autoa alde batera uzteko, eta bide-hezkuntzako saioak ere hasiko dituzte egun horretan. Prestakuntza bi astez egingo da, irailaren 23tik urriaren 4ra. Saio teorikoak eta praktikoak egingo dira, Udaltzainen eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide