Zer da identitatea/nortasuna? Izan al ditzakegu hainbat identitate? Nola iritsi dira identitate desberdinak onartzera? Sentitu ote dute noizbait inongoak ez direla? Familiaren edo beraien nortasun, kultura edota erlijioaren hainbat gauza alde batera utzi behar izan dituzte identitate berriak sortzeko edo gizartearen parte sentitzeko? Galdera horiei erantzungo diete bihar 18:30ean Faktorian, Zeharrek antolatutako solasaldian arabarrak eta euskaldunak diren etorkinen hiru seme-alabek. Euren esperientzietatik abiatuko dira, erantsi dutenez.
Ekitaldia doakoa eta irekia izango da, eta itzulpengintza zerbitzua eskainiko dute euskara, gaztelera eta arabierara
"Aurreko ekintzetan bezala, tertuliaren ideia ADSIS elkarteak dinamizaturiko Zaraobe ikastetxeko gazteen Talde Solidarioaren eta ZEHAR-Errefuxiatuekin elkarteak dinamizaturiko Amurrioko Elkarbizitza taldearen artean sortu zen", aipatu du June Astobiza Ugarte Zeharreko kideak.