APILL elkarteak antolatuta eta Laudioko Udalak babestuta, bihar ospatuko dute Merkataritza Eguna. Hitzordua ez da ospakizun hutsa izango (nahiz eta jai izaera izan neurri batean) tokiko merkataritza ikusaraztea eta bertan kontsumitzea baita ekimenaren helburua.
Horretarako, pegatinak banatuko dituzte APILLeko 130 establezimendutan, Laudion bizi, Laudion erosi. Yo compro en Llodio leloarekin. Halaber, elkarretaratzea egingo dute 20:15ean, herriko negozioak babesteko.
Egitarau osoa
Aldarrikapena, dena den, aisialdiarekin uztartuko dute. Dendek goizeko lehen ordutik aterako dituzte euren produktuak kalera. 17:00etan hasita 18:30ak arte, kale animazioa egongo da 65 urtetik gorakoentzako 1.000 euroko erosketen karruselaren txartelari lotuta.
18:30ean, aldiz, DJ Pacok umeentzat berotuko du giroa eta tarte horretan Gorobel Kirolguneak Alberto Acero plaza hartuko du zenbait erronkarekin.
Azkenik, Placton taldeak eta DJ Kelmenek musika emanaldia eskainiko dute plaza berean, 20:30etatik aurrera.