Murrizketa politiken kontrako aldarria Europara eramateko eskatu du boza EH Bilduk

Erredakzioa 2024ko mai. 31a, 17:00

Pernando Barrena hautagai europarrak eta Oihana Etxebarrieta eusko legebiltzarkideak parte hartu zuten atzo Aldai plazan egindako ekitaldian, EH Bilduren aldeko botoa eskatzeko.

Ekainaren 9an Europako Parlamentuko hauteskundeak izango dira eta EH Bilduk data horri begirako ekitaldia antolatu zuen atzo Laudion. Ainize Gastaka alkateak partekatu zuen oholtza Pernando Barrena hautagai europarrarekin eta Oihana Etxebarrieta eusko legebiltzarkidearekin.

Etxebarrietak bi ardatz izan zituen bere hitzartzean: Gazako genozidioa eta feminismoa. Izan ere, bere ustez, palestinarrek pairatzen duten bortizkeriaren kontrako jarrera Europara eraman beharra dago. Horrez gain, feminismoak egindako lorpenak kolokan daudela azpimarratu zuen, eskuin muturraren asmoa baita lortutako dena ezerezean uztea eta eredu atzerakoietara itzultzea. Azkenik, aldarrikatu zuen Euskal Herria nazio bat dela eta mezu hori zabaldu eta defendatu beharra dagoela erakunde europarretan.

Pernando Barrenak, bere aldetik, adierazi zuen garrantzitsua dela hauteskunde hauetan bozkatzea, ezkerrak hartzen ez dituen tokiak eskuin muturrak bereganatuko dituela argudiatuta, "herriei eta langile klaseei bizitza ezinezkoa egiteko".

Halaber, Barrenak gogor kritikatu zituen Europak ezarritako murrizketa politikak eta Laudioko Etengabeko Arreta Gunearen egoerarekin lotu zuen hausnarketa, iradokita EAJk politika horiek egikaritzen dituela. Ildo beretik, aldarrikatu zuen osasungintzara bideratu behar direla bitartekoak, gastu militarra handitu ordez.

Argazkiak: Naia Vallejo Torres

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide