Herrian bizi eta kontsumitzeko deia luzatu dute gaur Laudion eginiko Merkataritza Egunean. Apill elkarteak antolatu du egitasmoa, eta hainbat negozio batu dira deialdira. Saltokiek kalera atera dituzte euren produktuak egun osoan zehar, eta arratsaldean hainbat jarduera egon dira herria girotzeko. Haurrentzako animazioa edota kirol erronkak antolatu dituzte, besteak beste.
Baina arratsaldeko zortzietan bildu da jende gehien. Ordu horretan jaitsi dute pertsiana herriko denda askok, eta aukera hori baliatu dute elkarretaratzea egiteko Alberto Acero plazan.
Tokiko merkataritzaren aldeko mezua zabaldu dute mobilizazioan:
🛍️ Herrian bizi eta kontsumitzeko deia luzatu dute gaur Laudion eginiko Merkataritza Egunean
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 31, 2024
Ikusi argazkiak hemen 👉 https://t.co/AZznVtnnxG pic.twitter.com/0rA7QHgIN4
“Tokiko negozioetan erostea aukeratzen dugunean gurekin batera bizi eta lan egiten duten pertsonen enpleguari eusten laguntzen ari gara eta Laudioko ekonomia indartzen ari gara”, nabarmendu dute Apill-eko bozeramaileek.
Euren ustez, Laudion egiten den erosketa bakoitza “herriaren etorkizunaren aldeko inbertsioa” da, "garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoaren adierazpena". Gauzak hala, “lokalean pentsatzeko” deia luzatu dute, “herri seguruagoa, jasangarriagoa eta alaiagoa” lortzeko.