Sugarrak Eguna ospatu zuten larunbatean Granja Udal Kiroldegian goizetik arratsaldera arte eta saskibaloiaren jaia bilakatu zen hitzordua. Torneoa antolatu bazuten ere, Sugarrak Klubeko kideek azpimarratu dute giroa bera izan zela garrantzitsuena.
"1.300 edo 1.400 herritar igaro ziren Granjatik, jokalariak, senideak eta lagunak batuta. Nork irabazi zuen ez da esanguratsua, baizik eta parte hartzea. Adibidez, urdaiazpikoaren saskian 70 lagunek egin zuten saiakera kantxaren erditik, ea saskiratzea lortzen zuten", azaldu du Julen Vazquez presidenteak.
Halaber, egunaren arrakasta ikusita, hurrengo urterako eredua aldatzea baloratuko dute, jaia herrigunera eramateko eta herri osoak ikus dezan saskibaloiak daukan garrantzia.
SOS: Entrenatzaile gehiago
Parte hartzaile eta boluntario andana izanda ere, Vazquezek laguntza mezua zabaldu nahi izan du: "Goia jotzen ari gara zentzu askotan. Ez daukagu leku gehiago kiroldegian taldeak sortzeko, baina benetan larritzekoa dena da entrenatzaile trebatuak behar ditugula. Kadete, gazte edo senior kategoriako taldeak sortzeko behar ditugu. Ez bada hori gertatzen, uneren batean hasi beharko gara ezezkoak ematen jokalari berriei".
Argazkiak: Oscar Muñoz Garcia, @jokography_