Amaitu da Autoglas-Glavistako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulten fasea. Atzo egin zuten azken bilera Laudioko Udaletxean. Langileen ordezkariez gain, Parter Capital, Autoglas eta Guardianeko abokatuak bertaratu ziren bilkurara, baina ez zuten ezer adostu.
Enpresa Batzordeak akordio proposamen bat jarri zuen mahai gainean, bi aukera posiblerekin: kaleratze bidegabeak deklaratzea edo Guardianek langileak berronartzea. Multinazionaleko zein Parter Capitaleko kideek, aldiz, uko egin zioten ezer negoziatzeari, ELAk salatu duenez.
“Guardian zein Parter Capitaleko abokatuek defendatu dute ez dutela enpresa-talderik osatu, eta une bakoitzean eskatu zaien dokumentazioa eman dutela”, azaldu dute sindikatuko kideek, baina gaineratu dute ez daudela horrekin ados. Izan ere, gogorarazi dutenez, prozesua 7 hilabetez egon da geldirik bi enpresek entregatzeke zutelako epaileak eskatutako dokumentazioa. Langileen ordezkarien aburuz, Guardianek azken bilerara arte itxaron du eskatutako dokumentuak emateko, eta enpresak berak nabarmendu du epaileak hala agintzen dionean soilik emango duela informazioa. ELAren ustez, jokabide hori “oztopatzailea” da, ez dielako ahalbidetzten bilerak dokumentazio guztiarekin eta normaltasunez egitea.
“Ezuztekorik ez badago, Autoglaseko langile guztien kontratuak deuseztatzea aginduko du autoak”
Ebazpena, hilabete amaieran
Kontsulta epea amaituta, epailearen esku geratu da prozesua. ELAren aburuz, hilabete honen amaierarako aurreikusi dute ebazpena ateratzea, baina ez dute aparteko sorpresarik espero. “Ezuztekorik ez badago, Autoglaseko langile guztien kontratuak deuseztatzea aginduko du autoak”.
Hala ere, ebazpen horretan aipatuko diren xehetasunek “berebiziko garrantzia” izango dutela ohartarazi du sindikatuak, “gerora egon daitezkeen prozesu judizialei begira”.
Parter Capitaleko burua kartzelan
Urtebete baino gehiago daramate Autoglas-Glavistako langileek prozesu judizialean sartuta. Guardianek 2020an saldu zion lantegi hori Parter Capital inbertsio funtsari. Langileek uste dute iruzurra gertatu zela operazio horretan, eta hori da oraingo prozesu judizialean argitu nahi dutena.
Izan ere, Parter Capital “funts-putre” bat dela salatu dute beharginek behin baino gehiagotan. Hain zuzen, iragan maiatzaren 14an atxilotu zuten Rüdiger Terhorst Parter Capital inbertsio funtsaren bazkide zuzendaria Frantzian, ArjoWiggins enpresa porrotera eramatea leporatuta.