Bizilabe programaren bitartez Elhuyar Fundazioak eta Laudioko Udalak gazteei ematen diete aukera zientzia gertutik ezagutzeko. Guztira sei proiektu aurkeztu zituzten Gaztelekuan eta senideek eta lagunek bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuten. Honako hauek izan ziren plazaratutako lanak:
- Errealitate birtualeko betaurrekoak: Etxeko materialak erabiliz (kartoia, belkroa, lupen lenteak…), errealitate birtualeko betaurrekoak eraiki dituzte gazteek proiektu honetan. Errealitate birtuala itxura errealeko eszena eta objektuen ingurune bat da (teknologia informatikoaren bidez sortua), eta bertan murgilduta egotearen sentsazioa sortzen dio erabiltzaileari. Taldekideak: Luar Vara, June Ortiz eta Libe Elordui.
- Dance Dance Revolution: Proiektu honetan Scratch programa eta Makey Makey plaka erabili dituzte gazteek. Osagai horiek erabiliz, Dance Dance Revolution jokoa sortu dute eta, horretarako, zirkuitu elektriko bat eraiki behar izan dute. Taldekideak: Anjana Rivas, Markel Fernandez eta Mikel Viñuela.
- Kristalizazioak: Bi motatako kristalizazioak egin dituzte Bizilabeko gazteek: kobre sulfatozko kristalak eta geoda arrautzak. Taldekideak: Josune Gumiel, Iñigo Zubiaurre eta Aimar Cid.
- Pilota saltokariak: Pilota saltokariak egiteko errezeta onena aurkitzen saiatu dira gazteak. Horretarako, pilotak egiteko hainbat errezeta probatu dituzte eta denen artean salto handiena zeinek ahalbidetu duen frogatu dute. Taldekideak: Markel Garcia, Eliana Bui eta Adrian Redondo.
- Xurgagailua: Etxeko materialak erabiliz, xurgagailu bat egin dute. Bizilabe Laudiko gazteek Bilbon egin berri den Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dute proiektu honekin. Taldekideak: Jon Bengoa eta Haimar Fernandez, Brais de la Cruzen laguntzarekin.
- Itsuentzako makila: Arduinoa erabiliz, itsuei oztopoak non dauden abisatuko dien makila bat sortu dute. Bizilabe Laudioko gazteek Bilbon egin berri den Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dute proiektu honekin. Taldekideak: Izaro Ortiz eta Darya Enina, Ayman Idrissiren laguntzarekin
Laudioko Bizilabeko 2023-2024 ikastutean 10-14 urte bitarteko 23 gaztek hartu dute parte, 7 neskak eta 16 mutilek. Saioa Aranburu Bizilabeko gidariak aipatu duenez, gazteek interes handia erakutsi dute zientzia eta teknologian.
Hurrengo ikasturterako izen-emateak
Dagoeneko zabalik dago datorren ikasturterako izen-ematea. 2024ko urritik 2025eko maiatzera, asteazkenero izango dute 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aukera, Laudioko Gaztelekuan. Ordutegia honakoa izango da:
- LH 5-6: 16:30-18:00
- DBH 1-2: 18:00-19:30
Izen-emateak Bizilaberen webgunean bertan egingo dira, ekainaren 14a baino lehenago. Hortik aurrera, plaza libreak baleude, izen-emate epeak zabalik jarraituko luke.
Izen-ematea eta informazioa hemen.
Argazkiak: Elhuyar Fundazioa