Amiantoaren ondorioz hil zen Aceros de Llodio enpresako langile baten familiak epaiketa irabazi du

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 6a, 15:30

Aceros de Llodion lan egiten zuen beharginak.

Behargina 2019an hil zen baina 2024ko maiatzera arte ez da epaiketaren erabakia plazaratu, Gizarte Segurantzak izandako atzerapenagatik. 129.447 euroko kalte-ordaina eman behar die Cofivacasa enpresak langilearen alargunari eta semeari.

Cofivacasa enpresak, hau da, Aceros de Llodio konpainiaren ondorengoak, 129.447 euroko kalte-ordainarekin konpentsatu beharko du langile ohi baten familia. Behargina 2019an zendu zen eta autopsian asbestoa topatu zuten bere gorpuan; hau da, amiantoak airera jaurtitzen eta arnaztuz gero minbizia eragin dezakeen materiala.

Familiak epaitegira eraman zuen kasua, heriotza eragin zuen gaixotasunak (asbestosia) gaitz profesionala izan zelako eta amiantoz beteriko lan ingurune batekin harremana izateagatik sortu zelako, Osalanen txostenek eta lekukoek frogatu duten moduan.

Lekukoek eta txostenek frogatu dute langileak hamasei urtez egin zuela lan amiantoarekin inolako segurtasun neurririk gabe.

Berez, hildakoak Aceros de Llodio enpresako kidea izan zen 1966 eta 1982 urteen artean, garraiolari lanetan. Zepa eta hondakinak zabortegira eramaten zituen inolako segurtasun neurririk gabe.

Familiaren helegitea

Senideek euren helburu ekonomikoa bete badute ere, ez daude ados Gizarte Epaitegiko 9. Aretoko epaileak erabakitakoarekin, Sidenor enpresa absolbitu baitu. Hori dela medio, helegitea aurkeztuko dute.

Blanca Ruiz de Egino abokatuak azaldu duenez, "hainbat epaik eta Langileen Estatutuak ezartzen dute Sidenor izan dela Acenor (Aceros de Llodio) konpainiaren ondorengoa eta jarduera bera lantzen duela. Ezin dugu onartu epai honek bide ematea absoluzio gehiago eskuratzeko".

Gizarte Segurantzaren jarrera "negargarria"

Bide batez, abokatuak baliatu du aukera kritikatzeko Arabako Gizarte Segurantzaren jarrera amiantoari lotutako kasuetan. "2019an hil zen langilea eta bi urte behar izan zituzten bere emazteari alargun-prestazioa emateko, gaitz profesionala zela aitortuta. Hori dela eta, nabarmen atzeratu da epaiketa."

Edonola ere, Blanca Ruiz de Eginok azpimarratu du hau ez dela kasu isolatua izan. "Arabako Gizarte Segurantzak oso txarto tratatzen ditu langile gaixoak eta senideak. Ez dute informatzen, berandutzen dira, taulen berri txarto ematen dute eta, oro har, ez diete kasurik egiten amiantoaren biktimei. Lotsagarria da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide