EAJ kezkatuta dago Laudioko udalekuengatik eta udal gobernu taldeak gogoratu du parte hartzaileen zerrenda ez dela oraindik osatu

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 7a, 17:00

Ehun umek baino gehiagok parte hartzen dute udalekuetan.

Laudioko udalekuen egoera eztabaida politikora heldu da, EAJk oharra zabaldu baitu adierazteko kezka sortzen diola egoerak. Udal gobernu taldeak, bere aldetik, azaldu du behin betiko zerrenda ez dela osatu oraindik, gaur amaitzen baita inskripzioak ordaintzeko epea.

Laudioko EAJk prentsa ohar bidez azaleratu du bere ardura udalekuen inguruan: "Seme-alabak udako jardueretan inskribatu ezin izan dituzten bizilagunen kexa eta iruzkin ugari jaso ondoren sortu da kezka hori".

Edonola ere, jeltzaleek espero dute "Laudioko ahalik eta haur gehienek udalekuez gozatzeko aukera izatea, eta, horrela, udaldian garapen pertsonala eta soziala izatea".

Udal gobernu taldeak azaldu du inor ez dela udalekurik gabe geratu

Laudioko udal gobernuak, bere aldetik, argitu dio Aiaraldea Komunikabideari oraindik ez direla osatu udalekuetan parte hartuko duten familien zerrendak, gaur amaitzen baita epea ordainketa egiteko.

Behin ikusita zeintzuk berresten duten inskripzioa eta zeintzuk ez, behin betiko emaitza jakinaraziko du tokiko erakundeak, itxaron-zerrendetan daudenak hutsuneetara bideratuta.

Dena den, EH Bilduk eta Omniak osatzen duten gobernuak azpimarratu du izena eman duen ume orok parte hartuko duela udalekuetan, astebetez gutxienez.

Iaz baino plaza gehiago eta inskripzio kopuru gutxiago

Pasa den astean zabaldutako oharrean Laudioko Udalak azaldu zuen udalekuen funtzionamendua: "Aurten, guztira, astean 194 plaza eskaini dira, ekainaren 24tik uztailaren 26ra, hau da, 5 astez. Izena emateko epea amaitu ondoren, eskatzaile bakoitzak gutxienez astebetez programan parte hartuko duela bermatu da, eta ondoren, aurreko urteetan bezala, asteetarako zozketa bat egin da, zeinak eskatzaile kopuruak plaza kopurua gainditu duen. Zozketaren ondoren, plazarik lortu ez duten eskabideak bi programetako aste bakoitzeko itxaron-zerrendetan erregistratu dira".

Kopuruei dagokienez, beherakada txiki bat egon da Kultura Sailak sustatutako Herri Koloniak programako eskaeretan. 243 izan dira guztira, eta 2023an, berriz, 272.

Aldiz, Gaztelekuaren kasuan, eskaerak 2023an erregistratutako 85etatik aurtengo 97etara pasa dira. Hori bai, bi programa horietan, familiek eskatzen dituzten aste kopuruak gora egin du, uztailean eskainitako plaza kopurua gaindituz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide