Aniztasunaren aldeko aldarri bilakatu dute Laudioko herrien jaia

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 9a, 10:00

Gastronomia, folklorea eta jaia elkarbizitzaren aldeko mezuekin uztartu dituzte Gaztela eta Leongo, Andaluziako, Extremadurako eta Galiziako zentroek antolatzen duten ospakizunean.

Ostiralean hasi zen Laudioko herrien jaia Aldai plazan eta atzo eman zioten jarraipena. Goizean txosnak eta salmenta postuak ireki ez ezik, Akelarre dantza taldearen eta Jose Luis Navarroren pregoia ere izan ziren protagonistak.

San Roke Kofradiako maiordomo ohiak hitza hartu zuen aldarrikatzeko Euskal Herria gainerako herriak bezain migratzailea izan dela eta gogoratu zuen Kofradia, hain zuzen, XVI. mendeko "izotzezko aro laburrean" sortu zutela, sekulako krisialdia egon zelako. Uzten beherakadaren, Felipe II.naren politika zentralisten eta gerren ondorioz, laudioar eta euskaldun askok erabaki zuten kanpora joatea.

Horrela, Navarrok positiboki baloratu zuen Laudion gertatutakoa migrazioaren ondorioz, tokiko kultura mantendu eta berritu delako, nahi izan dutenek euren jatorrizko kulturari eutsi diote zentroak eta elkarteak antolatuta, eta armonia izan da nagusi.

Hori bai, laudioarrak azpimarratu zuen hori ez dela beti zertan horrela izango eta nabarmendu zuen hauteskunde europarretan bozkatzeko beharra, migrazio politika gizatiarrak izateko, "Mendebaldeak ustez dituen baloreekin bat egiten dutenak".

Diskurtsoaren ondoren, jaiaren antolatzaileek oroigarria oparitu zioten Navarrori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide