🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇
www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu
📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.
Juan Luis Napal Irrintzi Films ekoiztetxeko arduradunak eta Rebelde telesaioaren zuzendariak aurkeztuko du bihar Josu Urrutikoetxeari buruzko ikus-entzunezkoa Orbeko Etxean. Berez, bigarren estreinaldia izango da, gaur egin baitu lehena Plentzian.
Saio dokumentala lau atalek osatzen dute eta bakoitzak ETAko militantearen aro bat birpasatzen du, Urrutikoetxea berari egindako elkarrizketaren bidez. Lehenengoa bere haurtzaroan hasi eta bere gaztaroan amaitzen da. Hain zuzen, Argala eta Txutxo Abrisketa ezagutu ostean erakunde armatuan nola sartzen den deskribatzen du.
Bigarrenean, erbestean eta Iparralden izandako militantzian zentratzen da, baita GALek bere aurka egindako atentatuan. Hain zuzen, talde parapolizialak lehenengo aldiz erabili zuen auto bonba bere aurka, baina bizirautea lortu zuen Ugaoko militanteak.
Hirugarren atalean kartzela eta legebiltzarkide gisa izandako esperientziak lantzen ditu Urrutikoetxeak eta laugarrenean, aldiz, erbestean eta ezkutuan igarotako urteak. Tarte horretan, Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioak aipatzen ditu, baina baita Pirinioetan edota Alpeetan bizitako garai "politak".
Telesaioa ikusteko aukera
Bihar egingo duten topaketan lehenengo bi atalak proiektatuko dituzte, eta bien artean etenaldia egingo dute mokadua hartzeko eta iritziak trukatzeko.
Norbaitek bihar ez balu izango aukerarik estreinaldian parte hartzeko, streaming bidez alokatu dezake lan osoa. 3,5 euroko prezioa dauka atal bakoitzak eta 11 eurokoa telesail osoak.
Juan Luis Napalek adierazi du ekarpen ekonomiko horrekin dokumentalak eragindako gastuak baino ez dituztela kitatu nahi.
Evoleri erantzuna?
Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Napali ea bere lana Jordi Evolek egindako dokumentalaren erantzuna den, baina berak ezezko borobilarekin erantzun du.
"Berez, guk Evole baino lehenago elkarrizketatu genuen Josu Urrutikoetxea, eta ordu erdi inguruko dokumentala sortu genuen. Hala ere, ez ginen oso pozik geratu", argitu du zinemagileak.
Gauzak horrela, elkarrizketa askoz luzeagoa egin zion Urrutikoetxeari eta lau ataleko telesaioa osatu zuen. Zuzendariak txikitatik ezagutzen du ugaoarra, bere aita ere errefuxiatua izan baitzen.
"Jordi Evoleren lana iluna da eta Josu probokatzen saiatzen da. Finean, Espainiako publikoarentzat egindakoa da. Nire kasuan, Josu Urrutxikoetxeari eman diot ahotsa, bere bizipenak azaldu ditzan. Euskaraz egindako lana da eta euskal gizarteari, bereziki gazteei, bideratuta dago", nabarmendu du Napalek.