Obra eta programazioa uztartuko ditu Kulturlabek udan

Izar Mendiguren Cosgaya 2024ko eka. 14a, 09:20

Kulturlab-eko lokalaren artxibo irudi bat. / Aiaraldea.eus

Kulturlab elkarteak ekaineko eta udako erronkak plazaratu ditu ohar baten bidez. Ikastaroak, hitzaldiak, bisita kulturalak eta bertako artisten erakusketa kolektiboak uztartuko dituzte, adierazi dutenez.

Esaterako, ekainaren 30 arte egongo da ikusgai Nerea Apodakaren erakusketa. Dena den, "hainbat jarduerarekin uztartuko da, baita lokalaren obraren aurrerapen gehiagorekin ere". 

Ekainaren 11n, adibidez, Orozkora joan ziren bertako esperientziak ezagutzera: Muxar grisa eta Gertrude kultur elkartearen lanak ezagutu zituzten interesdunek horrela. "Uztailaren 4an jarraituko dugu iaz egindako eko-estanpazio botanikoko ikastaroaren errepikapenarekin. Pertsona askok interesa agertu dute eta, iaz ez baitzuten plazarik izan", erantsi dute.

Uztailean estanpazio botanikoaren ikastaroa

Uztailaren 4an lau orduko ikastaroa eskainiko dute 16:00etatik 20:00etara Kulturlaben egoitzan. Iaz ere burutu zuten ekimena, eta izen-ematea bete zen. Izan ere, 12 laguneko taldea osa daiteke gehienez.

Tailerrak 15€ balioko ditu, eta partaideek euren lanak eramango dituzte poltsekin eta hainbat estanpaziorekin batera. "Estanpatu botanikoaren teknika (ecoprint) naturako pigmentuak eta formak (hostoak, sustraiak, loreak eta azalak) zelulosa-ehun mota guztietara (kotoia, lihoa, kanamua, etab.) transferitzean datza, ingurumena errespetatuz", zehaztu dute antolatzaileek. "Tailer honetan teknika hutsetik ikasiko da eta, beraz, ez da beharrezkoa aldez aurretik inolako ezagutzarik izatea. Inprimaketaren aurretik zuntzak prestatzen eta estanpazio definituak lortzeko beharrezko urrats guztiak egiten ikasiko da".

Uztailaren 4ko estanpazio botanikoaren ikastaroan izena emateko epea zabalik dago Kulturlab webgunean

Estanpazio botanikoak Lamuzako parkeko zuhaitz-hostoekin egingo dituzte, eta ikastaroko lehen ordu erdian bilduko dira: "Gainera, estanpazio mota horri buruzko lehen argibide teknikoak emango dira, eta, beraz, oso garrantzitsua da ikastaroa hasteko orduan garaiz ibiltzea". Izena emateko Kulturlaben webgunean bete behar da formularioa.

Uztaila borobiltzeko, Joserra Ais laudioarraren hitzaldia ari dira prestatzen, baita Laudioko artisten erakusketa kolektibo bat ere (abuztuko bigarren hamabostaldian inauguratuko dena), "lokalaren obraren gastuei aurre egiten jarraitu ahal izateko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide