EAJk oso gogor kritikatu du EH Bildu eta Omniaren lehenengo urtea udal gobernuan

Erredakzioa 2024ko eka. 17a, 16:00

Alderdi Jeltzaleko kideak, artxibo irudi batean. / EAJ

Jeltzaleen aburuz, urtebetean udala paralisian utzi du koalizioak.

EAJk oharra plazaratu zuen pasa den astean baloratzeko EH Bilduk eta Omniak osatzen duten udal gobernu taldeak egindakoa eta emaitza oso negatiboa izan da. Jeltzaleen ustez, Udalaren jarduera moteldu egin da eta koalizioko alderdiei leporatu diete Legealdi Plana zehaztu ez izana.

Halaber, Ander Añibarro jeltzaleen bozeramaileak aldarrikatu du aurreko udal gobernu taldeko proiektuek aurrera egiten jarraitzen dutela, nahiz eta egungoak trabak jartzen dituen: "Antzokiko obrek zailtasunekin jarraitzen dute, eta hornidura-plazaren birgaitzea geldiarazten saiatu baziren ere, lanak plangintza falta nabarmenarekin hasi dira".

Horrez gain, Lan Eskaintza Publikoak eta lanpostuen balorazioak aurrera ez egitea eta dirulaguntzak inoiz baino beranduago ordaintzea leporatu dio EAJk udal gobernu taldeari. Gainera, "administratzaile berriek duela gutxi eragin publiko handia izan duten arazoak sortu dituzte, hala nola, hornidura-plazaren obra, espazio publiko horren birgaitzeak eragindako saltokien birkokapenarekin, edo udal-kolonien inguruan egindako kudeaketarekin", adierazi du Añibarrok.

Horrez gain, Lan Eskaintza Publikoak eta lanpostuen balorazioak aurrera ez egitea eta dirulaguntzak inoiz baino beranduago ordaintzea leporatu dio EAJk udal gobernu taldeari.

Ideiarik ez, EAJren ustez

Alderdi jeltzaleak iritzi du arestian salatutako guztiaren iturburua dela udal gobernu taldeak ez duela ideiarik. Bestalde, modu ilunean kudeatzea ere egotzi diote EH Bildu eta Omniari: "kontratazio-prozesuen eta dirulaguntzen kudeaketa oso opakoa da, eta Jaurlaritzatik gertu dauden pertsonei egiten die mesede, Lezeaga Aretorako langileak kontratatzean gertatu zen bezala. Bertan, enpresa bat aukeratu zen, enplegu publikoko zerrendak erabili beharrean, nepotismoaren eta bultzadaren adibide argi batean".

Laburbilduz, "12 hilabete hauetan, Gobernu taldeak bere zilborrari baino ez dio begiratu, eta gehiago zentratu da barne eztabaida eta borroketan, ikusteko koalizioko zein alderdi agertzen den gehiago argazkietan eta ekitaldi publikoetan, gobernatzean baino, herritarrak eta udalerria alde batera utzita. Ez dago proiektu berririk, ez obra eraldatzailerik, ez kultura, enplegua eta jarduera sortzeko programarik. Herritarren parte-hartzea titular bat baino ez da, eta ez du Laudioko bizilagunen ekarpenen kanalizazio eraginkor eta errealik. Postureoa bakarrik galeriari begira", amaitu du Añibarrok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide