EAJk ordu gutxi behar izan ditu baloratzeko Omniaren hautua udal gobernu taldea uzteko. Gaur eguerdian argitaratu dute jeltzaleek oharra eta alderdi independentearen zein EH Bilduren jarduera kritikatu dute. Zehazki, Ander Añibarro bozeramaileak honakoa adierazi du: "OMNIAren erabakia errespetatzen dugu, baina uste dugu ez dela ekintza arduratsua, eta laudioarrekin duen konpromisoa ahazten du. Gainera, agerian utzi du EH Bilduk ez duela gobernu akordio iraunkorrak osatzeko gaitasunik".
Halaber, jeltzaleek aldarrikatu dute oposizioko burua eurak direla eta udal gobernuaren kudeaketa kontrolatzen jarraituko dutela.
Azkenik, bi taldeen azken urteko jarduera salatu du Añibarrok: "Ez dute enplegua sortzeko programarik proposatu, ezta kulturaren eta kirolaren aldeko apustua egiten duen jarduerarik ere. Herritarren parte-hartzea titular bat baino ez da, Laudioko bizilagunen ekarpenen kanalizazio eraginkor eta errealik gabe".
"Laudioarrek gobernu indartsu eta konprometitua merezi dute, eta ez elkar ulertze eta erantzukizun faltaren aurrean lur jota geratzen den bat", bukatu du zinegotzi jeltzaleak.