Laudioko Udaltzainen buruzagia nor izango den ebazteke dago oraindik, bi hautagaiek lanpostuari uko egin ostean

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 25a, 21:59

Otsailean kargugabetu zuten polizien aurreko buruzagia. / Laudioko Udala

Udal gobernuak azaldu duenez, bi hautagai horiek arrazoi pertsonalengatik edota lan baldintzengatik egin diote uko lanpostuari, “ez arrazoi politikoengatik”. 

Ebazteke dago oraindik nor izango den Laudioko Udaltzaingoaren buruzagia. Udal gobernuak atzoko plenoan eman zituen horri buruzko azalpenak, EAJren galdera bati erantzunez.

Ainize Gastakak  zehaztu zuenez, bost hautagai aurkeztu ziren deialdira, eta horietako 2 “erabat aproposak” zirela ebatzi zen. Baina biek ala biek erabaki zuten karguari uko egitea, "arrazoi pertsonal eta ekonomikoengatik, lan baldintzegatik”. Alkateak nabarmendu duenez, ez da inolako “arrazoi politikorik” egon balizko bi hautagaien erabakiaren atzean. 

Gastakak ziurtatu zuen honakoa “gai urgente eta garrantzitsu bat” dela, eta modu horretan tratatzen ari direla. 

Otsailetik buruzagirik gabe

Otsailean erabaki zuen Udalak ordura arteko Udaltzaingoko buruzagia kargutik kentzea, “gertutasunezko polizia lortzera bidean” urratsak ematen hasteko.

Bere unean azaldu zutenez, "izendapen askearen bidez" hautatzen den kargua da polizien buruarena eta, beraz, "ohikoa" da udal gobernua aldatzen denean funtzio hori betetzen duen pertsona ere aldatzea. “2011n Bilduk hala egin zuen udal gobernu honetan sartu zenean, eta orain arte egon den pertsona aurreko udal gobernuak hautatu zuen”, gogoratu zuen Iñigo Martinez Cerrilo zinegotziak orduko hartan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide