Uztailerako osatu nahi dute Laudioko Udal Gobernu berria

Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 07:00

EH Bildu eta Omniako kideak, Laudioko udal gobernua osatzeko bilkura egunean hartutako irudi batean. / Aiaraldea.eus

Nagore Gomara izendatu dute alkateorde, eta berak hartu ditu “behin behinean” Omniarenak ziren arloak, Aitor Fernandez de Pinedo eta Ainize Gastakarekin batera.

Aurreikusi zitekeen moduan, Omniak udal gobernua uzteko hartutako erabakiak isla nabarmena izan du astelehen honetako Udal Osoko Bilkuran. Hainbat puntu aurkeztu zituzten gai ordenetik kanpo, behin behineko aldaketa batzuk egiteko udal gobernuaren osaketan.

Gauzak hala, Nagore Gomara izendatu zuten alkateorde, Alvaro Barriosen lekukoa hartuz. EH Bilduren zinegotziak bere gain hartu ditu baita ere orain arte Omniaren eskuetan egon diren Zeharkako Politiken arloko azpi-arlo guztiak. Aitor Fernandez de Pinedok, aldiz, Gizarte Kohesioaren saila kudeatuko du, eta gainontzeko arlo guztiak Ainize Gastakaren ardurapean egotera pasako dira. 

Hala ere, alkateak plenoan bertan argitu zuen antolaketa hori “behin behinekoa” dela, eta uztailean aurreikusi dutela forma ematea gobernu talde berriari. 

Egin duten antolaketa "behin behinekoa" dela azaldu du Ainize Gastaka alkateak, eta aurreratu du uztailean eman nahi diotela forma udal gobernu berriari

Liberazioak eztabaidagai

Liberazioen nondik norakoak ere azaldu zituen Gastakak. “Hemendik aurrera udal gobernu honek lau liberazio izango ditu, nahiz eta momentuz ez dugun laugarren hori hartuko”, azaldu zuen gobernuburuak. Horrek eztabaida sortu zuen plenoan. Izan ere, EAJk zein PSE-EEk argudiatu zuten bozeramaileen batzordean beste gauza bat esan zitzaiela. Alkateak, aldiz, ziurtatu zuen batzorde horretan bertan azaldu zutela zer zen egingo zutena. 

Gauzak hala, opozisioko bi taldeak abstenitu egin ziren bozketan. Egungo egoeran, Omniak liberazio erdi hartzeko aukera izango du, EAJk jada duen jardun osoa mantendu ahalko du eta PSE-EEk %17ko liberazioa hartu ahalko du. Hala ere, Loli Muriel zinegotzi sozialistak aurreratu zuen uko egingo diotela aukera horri.  

Alkateak aurreratu zuen “ahalik eta lasterren” erabakiko dutela udal gobernu berriaren osaketa, eta horren arabera erabakiko dutela nork hartuko duen laugarren liberazioa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide