IDOIA ARZUAGA

“Beste bizitza bat eman dit kickboxingak”

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 27a, 17:25

Hiru aldiz lehiatu da Idoia Arzuaga orain arte. / Aiaraldea.eus

IDOIA ARZUAGA (Laudio, 1996) iragan asteburuan borrokatu behar zen Urduñan egin den txapelketan; baina, azkenean, ez du aurkaririk izan. Hala ere, kickboxinga praktikatzen izandako bizipenak kontatu ditu.

Urduñan borrokatzeko asmoa zenuen, baina ez da posible izango, ezta?

Bai, nire aurkariak lesioa izan du eta ez dugu topatu ordezkorik. Pena handia da. Nesken kasuan oso zaila da borrokalariak topatzea. Gutxi daude eta pisuak oso bestelakoak dira. Nesken pisuan 50 kilokoak dira gehienak eta nire kategorian,  60-62 kilokoan, gutxi daude.

Ezagutzen ditugu nire pisuko gehienak eta, oro har, borroka pilo dituzte. Urduñakoa nire laugarren borroka izan behar zen eta zaila da norgehiagoka mordoa ez duen arerioa topatzea. Izan ere, ringean hori nabaritzen da, nork duen eskarmentu handiagoa.

Hiru borroka izan dituzu jadanik, nolakoak izan dira?

Debuta oso txarra izan zen, baina eutsi nituen hiru round eta lan ona egin genuen. Gero Torrelavegan borrokatu nintzen berriro eta hori oso ona izan zen. Nire ustez, borroka oso ona egin nuen, nahiz eta aurkaria ere aparta izan zen. Ikuskizun polita eskaini genuen.

Azkenik, Amurrion egokitu zitzaidan neska altua eta zaila zen.

“Hasieran beldurra nion kolpeak jasotzeari, baina mentalitatea aldatu dut. Mina sortzen badidate, nik ere eragingo dut”

Borrokaz borroka nabaritu duzu hobekuntza?

Bai, handia. Ringera igotzen zara eta burua aldatzen da. Aurkariarentzat baino ez dituzu begiak eta ahal bezain ondo aritzen zara.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Asier Arzarekin. Nik ez nuen inoiz kirola egin eta cross training egin ondoren, izena eman nuen kickboxingean, gehienbat entrenatzeko, ez nuen gogoko kirola bereziki. Baina taldea osatu genuen, giro polita zegoen eta jende oso ona entrenatzen. 

Orain nire pasioa da entrenatzea, jendea ezagutzea, borrokatzea... Oso gustura nago.

Zer eman dizu kirolak?

Beste bizitza bat eman dit. Kirola eta kickboxinga kenduko balizkidakete, bizitzaren zati handia galduko nuke.

Zerk bultzatzen zaitu lehiatzera?

Bultzatzen nau nire jendeak, nire familiak nire lagunek... Babesten naute pilo eta motibazio hori daukat. Nire aitak oso gogoko du ni ikustea. Motibazioa da hor gainean egoteko eta irabazteko.

Zenbat egun entrenatzen duzu astero?

Ia egunero. Lanean ordutegi txarra daukat. Hortaz, Chock Deera bi egunez etortzen naiz astean zehar. Asteburutan ere etortzen naiz eta gero kanpora jotzen dugu edo kanpotik bertaratzen dira kirolariak.
Horrez gain, nire kabuz ere entrenatzen dut.

“Kickboxingak konfiantza handiagoa eman dit kalean ere”

Nolakoa izan da zure bilakaera kirol honetan?

Hasieran beldurra nion kolpeak jasotzeari, baina mentalitatea aldatu dut. Mina sortzen badidate, nik ere eragingo dut. Jendeak ez du pentsatzen emakumeok ere gai garenik horretarako ringean, baina hau kirol bat da eta hor gainean dena aldatzen da. Hori ere baliogarria da kalean.

Neskek aldatu behar dugu pentsaera kirol honi dagokionez. Ez da soilik bortizkeria, jotzea eta jasotzea. Motibazioa eta diziplina ere bada. 

Egun txarrak izan arren, motibazioa eta diziplina izan behar dira entrenatzera etortzeko. Horrek aldatzen zaitu bai fisikoki eta baita psikologikoki ere.

Kickboxingak segurtasuna eman dizu zure bizitzan?

Bai, segurtasun handiagoa. Badakit jotzen eta lehen ez nekien ezer defentsari buruz. Beldur apur bat gehiago nuen.

Zer da gehien gogoko duzuna kirol honetan?

Hankekin borrokatzea. Boxeatu dezaket ere, baina nahiago ditut hankak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide