UXUE ALONSO

“Ez nuen espero Zuazoko lehen taldearekin debuta egitea”

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 28a, 07:00

Laudioko Eskubaloi Taldean hasi zuen bere ibilbidea Uxue Alonsok. / Aiaraldea.eus

UXUE ALONSO laudioarra Barakaldora joan zen duela bost urte Zuazo Klubarekin jokatzeko. Bigarren mailan debuta egitea lortu du amaitu berri den denboraldian.

Debuta egin zenuen aurten Zuazo taldearekin eskubaloiko bigarren mailan. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso ona, ikaragarria. Jendeak oso ondo tratatu ninduen eta oso onak dira. Partida primeran egon zen eta hiru gol sartu nituen. Uste nuen ez nuela jokatuko eta azkenean 30 minutuz egin nuen, ia partida erdia. Oso emaitza estuarekin irabazi genuen, eta pozik. 

Gero beste partida bat jokatu nuen. Bi gol egin nituen eta pozik ere. Denboraldi osoan lehen taldearekin entrenatu dut behin baino gehiagotan. Hortaz, ondo egon naiz.

Esan duzu zure debutean ez zenuela espero jokatzea.

Bi aste lehenago egon nintzen lehen taldearekin entrenatzen eta aurreko astean jakinarazi zidaten nire postuko jokalari titularra lesionatuta zegoela. Partida baino bi egun lehenago galdetu zidaten ea joango nintzen eta ez nuen espero 30 minutu jokatzea. Horrela izan zen eta pozik geratu nintzen bizitako esperientziarekin.

Zuazo lehen mailara igo da, baina zu beste leku batera joango zara, ezta?

Bai, aurten erabaki dut Castrora joatea. Oraingo taldea maila bat gorago dago. Hau da, orain Euskal Ligan nago eta hurrengo denboraldian zilarrezko mailan lehiatuko naiz. 

“Nire buruan segurtasun handiagoa eman dit eskubaloiak, eta besteengan konfiantza ere eman dit, talde jokoa baita”

Erabaki erraza izan da?

Ez naiz ni bakarrik joango, Zuazoko lau jokalari joango gara. Alde horretatik, erraza da, gainerako taldekideak ere ezagutzen ditut eta. Niretzat ona izango da, ikasteko, eta esperientzia zein eskarmentua lortzeko. 

Ez zenuen baloratu Zuazon geratzea lehen mailan jokatu ahal izateko?

Oso maila altua da. Espainiako Estatuko talde onenak daude eta nik orain nire burua hobeto ikusten dut zilarrezko mailan. Uste dut egokiagoa dela niretzat. 

Agian gero beste talderen batek deituko dit urrezko mailan aritzeko (hau da, bigarren mailan), auskalo. Onena hori litzateke, gero beste maila batera joatea. 

Zenbat urtez ibili zara Zuazon?

Bost denboraldi. Laudio Eskubaloi Taldetik hara joan nintzen eta, Zuazoko Campusetan parte hartzen nuenez, ezagutzen nituen taldekideak eta ondo hartu ninduten.

Euskadiko Selekzioarekin ere jokatu duzu.

Bai, 2022an. Benidormera joan ginen Espainiako Txapelketara eta bigarren izan ginen. Azken deialdietan sartu nintzen eta oso pozik ibili nintzen, jendea oso jatorra baita. Ez nuen asko jokatu, baina egin nuenean, gogotsu egin nuen. Hala ere, esperientzia oso polita izan zen eta nire buruarekin pozik amaitu nuen txapelketa, selekzioak deitu ninduelako beste behin. Gazte kategorian ez ezik, umeen kategorian ere jokatu nuen aurretik.

Aldaketa handia izan zen Laudiotik Zuazora joatea?

Bai, Zuazo talde garrantzitsua da eta entrenatzaile eta bitarteko gehiago dauzkate. Harrobia sortzen dute lehen talderako. 

Zer moduz lehenengo taldearekin?

Entrenanendu asko egin ditut eurekin eta oso ona izan da esperientzia. Ezberdintasuna dago Euskal Ligan jokatzetik bigarren mailakoekin egitera. Ez da maila bera eta askoz kontzentratuagoa egon naiz. Presio handiagoa jartzen diozu zure buruari.

Kasu batzuetan, oso bistakoa zen eurak zu baino askoz indartsuagoak zirela. Izan ere, zu oraindik hazten ari zara.

Bai, ni zorionekoa naiz, nire postuan ez delako beharrezkoa gorputz handia edo indartsua izatea. Nire postuan azkarra izatea da garrantzitsuagoa eta, txikia naizenez, banaiz azkarra. Edonola ere, alde fisikoa nabaritzen zen. Horregatik saiatzen naiz gimnasiora joaten indar eta pisu gehiago izateko. Nutrizionista batekin ere landu nahi dut hori, indarra eta pisua handitzeko. 

Laudio Eskubaloi Taldearekin harremana daukazu oraindik?

Jakina! Javi Conejorekin oso harreman ona daukat eta beste kideekin ere. Nire mutilaguna klubeko jokalaria da eta talde osoarekin moldatzen naiz primeran.

Nola definituko zenuke zure burua jokalari gisa?

Gogotsu jokatzen dut, kontzentratuta eta nire abilezia guztia jartzen dut dena ondo egiteko. Azkarra naiz eta edozein jokaldi egin baino lehen, ondo pentsatzen dut. Analizatzen dut egoera, ez dut pilota botatzen aurretik  hausnartu gabe.

Erreferenterik duzu?

Partida asko ikusten ditut, baina ez dut gogoko erreferenterik izatea. Las Guerreras asko ikusten ditut, eta Carmen Martin gogoko dut, nahiz eta jadanik ez duen jokatzen. Nire postuan aritzen zen, baina gaur egun ez daukat erreferenterik.

Zein da zure helburua epe motzean?

Lehenik eta behin, indar gehiago hartu nahi dut, arestian esan bezala. Gero, ondo jokatu nahi dut hurrengo denboraldian. Izan ere, Castroraino joan beharko naiz entrenatzera eta, ahalegin hori eginda, behintzat, nahi dut merezi izatea emaitzen aldetik. Hiru aldiz entrenatuko dut astero. Pozik egon nahi dut nire buruarekin.

Zer eman dizu zuri eskubaloiak?

Garrantzitsuena, lagun asko eta oso onak. Nire buruan segurtasun handiagoa eman dit, eta besteengan konfiantza ere eman dit, talde jokoa baita.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide