Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Jendea konfort gunetik ateratzea gustatzen zaigu”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 30a, 07:00

Antzerki taldea osatu dute Irune Ibarretxe eta Ainhoa Sabiok. / Naia Vallejo Torres

IRUNE IBARRETXE ETA AINHOA SABIO laudioarrek Los amantes rumiantes antzezlana sortu berri dute. Maitasunari lotutako bizipenak taularatu dituzte, umoretik kontatuta.

Antzerki proiektu bat sortu duzue elkarrekin, baina nola ezagutu zenuten elkar?

I.I.: Antzerkiagatik ez, Aretako bizilagun izateagatik ezagutu genuen elkar, eta hortik sortu zen gure harremana, naturalki. Antzerkiarekiko lotura beti izan dut nik, nire familia zinema eta musikagintzari lotua dago, baina ikus-entzule gisa nenbilen orain arte. Beti gustatu izan zait idaztea (kazetaria naiz), eta arte eszenikoetan murgiltzea erabaki nuen, oso dibertigarria iruditzen zitzaidalako. 

A.S.: Nik ez dut antzerkiarekin esperientziarik baina dantzari gisa bai: gimnasia erritmikoan aritutakoa naiz, balletean… Abestearekin, ordea,  arantza nuen;  eta denborarekin ausartu egin naiz abesbatzan proba egitera, eta hartu egin ninduten. Txikitatik gustatu zait ipuinak interpretatu eta abestea, baina ez naiz sekula aritu orain arte bezala.

Zerk bultzatu zaituzte obra sortzera?

I.I.: Nire kasuan, espresatzeko beharra izan da. Los amantes rumiantes izenburua du lanak, eta pertsonen arteko harremanen behaketatik ateratako terapia da, umore bidez eszenaratutakoa. Ms. Crowley pertsonaiak kritikari kritika egingo dio obran. Hori da pertsonalki obra idaztera eraman ninduena, gauza berriak probatzeko nahiarekin batera. Ausartu egin nahi nuen.

A.S.: Nik ere aldaketa behar nuen: barre, kantatu, salto eta antzeztu beharra daukat, nire baitan bizi den zati hori ez dut ezkutatuta eduki nahi. Eta hemen nago.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

I.I.: Musika oso ezberdina entzuten okurritu zaizkit istorioak. Horrela sortu nuen, oso azkar, eta behartu gabe. Ainhoari bidali eta gustatu zitzaionez, probatzeari ekin genion. Musikak kontu batez edo besteez hitz egiteko inspiratzen ninduen. Beti izan dut drama pertsonaletatik barre egiteko gogoa, oso terapeutikoa iruditzen baitzait. Kontua ez da inortaz barre egitea, drama komedia bilakatzea baizik. 

Amurrion estreinatu zenuten. Nolakoa izan zen harrera?

A.S.: Asko gustatu zitzaien, ez ziren ehunka pertsona gerturatu, baina oso giro polita sortu zen. 

I.I.: Askok esan ziguten beraiei ere pasa zaiela antzekoa, eta oso laburra egin zitzaiela esan ziguten. Ordukoa hogei minutuko emanaldia zen, eta orain pittin bat luzatu dugu.  

A.S.: Gauza eta obra gehiago ditugu buruko tintontzian. Orain, 1960ko hamarkadako Los Pequeñiques musikalarekin gabiltza, The Beatles taldearen telonero izandakoena. Hau ez dugu estreinatu oraindik, baina espero dugu uda honetan eszenaratzea. Bestalde, mikroantzerki asko ditugu idatzita ere. 

"Maitasunarekiko mezu positiboa bidali nahi genuen: zer da maitasuna? Norbere buruarekiko maitasuna baldintza izan behar da, gainontzekoak sanoki maitatu ahal izateko"

Nolakoak aurreikusten dituzue hurrengo hilabeteak, orduan?

A.S.: Nik uste uda honetan emanaldi asko aterako zaizkigula. Bestea airean dago, baina aurrera egin nahiko genuke, guri asko gustatzen zaigu, ondo pasatzen dugu eta jendeak ere. Maitasunaren irakurketa garrantzitsua dago amaieran, eta oso beharrezkoa iruditzen zaigu egunerokoari eta jendarteari begira. Maitasunarekiko mezu positiboa bidali nahi genuen: zer da maitasuna? Norbere buruarekiko maitasuna baldintza izan behar da, gainontzekoak sanoki maitatu ahal izateko. Beste lanak “arinagoak” dira, beti ere umoretik.

I.I.: El pequeño meñique lan martetarragoa da, surrealistagoa. Jendea konfort gunetik ateratzea gustatzen zaigu.

Idaztetik taularatzera, zelakoa izan da jauzia? Nola hartzen zaio neurria horietako bakoitzari?

I.I.: Lantzen eta erakusten. Kantuekin eta gorputzarekin noraino iristen garen ikusi behar dugu, nola gauden eroso… Los amantes rumiantes obran ez gara horrenbeste mugitzen, baina beste obra batzuetan dantzatzeak eta kantatzeak aldi berean sekulako erronka suposatzen du. 

A.S.: Beti ez da posible aldi berean dantzatu eta abestea. Probatzea, hutsunea identifikatu eta aldatzea… Prozesua horrelakoa da beti. 

Nola moldatzen zarete entseatzeko?

A.S.: Astean behin edo birritan elkartzen gara, gure etxeetan. Lokala eskatu diogu Udalari, baina oraindik ez digute eman. Beste batzuetan Arraño mendira ere joan izan gara. 

I.I.: Lokala lortzear gaude urtebeteren ostean.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen erronkak?

I.I: Las 23 y 23 elkartea sortu berri dugu, gauzak serioago edo profesionalago egiteko hemendik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide