Ziurgabetasunez betetako hilabete luzea izan da merkatuko dendarientzat. Izan ere, ekain hasieran lekualdatu ziren Laudioko Merkatuko negozioak Abastos plazatik Zubiko Kurajo kaleko 2. zenbakira. Euren ohiko jarduna geldirik egon da geroztik, espazioa egokitzeko lanek iraun duten bitartean.
Hori dela eta, ahalik eta lasterren berriro lanean hasteko gogoz daudela eta ostegunean edo ostiralean irekitzea espero dutela adierazi dute dendariek. Dagoeneko lanari ekiteko dena prest dago Zubiko Kurajoko lokalean, eta argindar hornidura lortzeko zain daude ateak ireki ahal izateko. Bertan hamazortzi hilabetez egongo dira, printzipioz.
Ordutegiari dagokionez, dendak 8:00tik 14:00etara zabalik egongo direla adierazi dute, eta agian baita arratsaldez ere, 17:00etatik 20:00etara, behintzat uztailean zehar, hilabete honetan izandako galerak nolabait berreskuratzeko ahaleginean.