- Zer moduz?
- Lasai, ezta?
- ”Angelusaren” ordua!
- Hartuko dut pote bat zurekin eta gero joango naiz etxera bazkaltzera.
Hauxe zen askotan Aingeru Pelaezekin izaten genuen elkarrizketa etxerako bidean eta hura, kalean, paseotik zetorren. Hamar minutuz baino ez bazen, tartetxo bat hartzen genuen elkarrekin egoteko eta hainbat gaiz mintzatzeko, motza bezain gustukoa izaten zen berarekin izaten genuen hitz aspertua.
Aingeru ibilera azkarrekoa zen eta umore ona bazuen ere jenio bizia ere ateratzen zitzaion hala zegokionean eta tartean birauren bat edo beste.
Aingeru urte luzez izan da Herriaren Pilotazale Elkarteko zuzendaritzako kidea. Hasieran, bitartean eta baita azkenengo urteotan ere. Beti egon izan da Herriaren Pilotazale Elkarteari oso lotuta eta beti ahalegindu da elkartearen hazkundea eta onura bilatzen.
Aingeru eta Conchi, batzuk, Aretako pilotalekuan ezagutu genituen, beste batzuk, betidanik lagun izan gaituzte baina gerora biekin eta beste zenbaitekin Herriaren Pilotazale Elkarteko zuzendaritza partekatzeko aukera izan genuen, urte zoragarriak izan dira Aingeruren ondoan. Sarri hurbiltzen zen frontoira bere karpeta handiarekin, bertan, elkartearen zenbakiak, diruak, zetozen.
Txapelketa bitartean hurrengo jardunaldiko txartelak ekartzen zizkigun eta elkarren artean banatu ostean nork bere tokiak zituen txartelak inkatzeko. Aingeru, beti lanerako prest, edozein gauza esanda
elkartu eta sorturiko korapiloak askatzeko prestutasuna adierazten zuen.
Bizitzaren gora-beherek alde batera eta bestera eramaten zaituzte eta Herriarenen egindako ibilbideari amaiera eman genion, baina tartean, bazkariak, txangoak eta bestelako planak konpartitu izan ditugu, orduko hartan Herriareneko kide izan ginenok eta geure familiakoak.
Horrelakoetan, sarri entzuten genien Aingeruri eta Conchiri, batez ere Conchiri:
-Nire herrira etorri behar duzue!
Eta batzuk aurtengo udaberriko oporretan esan eta egin, CIJB-k, Nazioarteko Esku Pilota Konfederazioak, Europako Txapelketa antolatu zuen Portugalgo Freixo da Espada A Cintan eta harako bidean Fermosellen, Conchiren herrian, pare bat egun eman genituen. Egun zoragarri bi pasatu genituen Arribes del Duero inguruan, harrera ezin hobea egin ziguten Aingeruk, Conchik eta Maitanek eta horrek balio izan zigun adiskidetasunean sakontzeko.
Orain berri lazgarria jaso dugu, Aingeruk utzi gaitu.
Ez! Aingeru betiko izango da gure artean, batez ere harekin azken urteak partekatu genituenok Herriarenen zuzendaritzan. Oraindik ere, etxerako bidean begiratuko dugu “angelusaren” orduan bere paseotik bueltan datorren, harekin pote bat hartzeko, benetako lagunak ez baitira sekulan joaten.
Aingeru beti egongo baita gurekin.
Adiorik ez, Aingeru!
Sinatzen dugu: Pedro Luis Pikaza, Kepa Sautua, Txemi Fernandez, Txemi Mancha, Joserra Ugarte eta Asier Amondo (Herriaren Pilotazale Elkarteko zuendaritza kide ohiak)