Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuko espezialistak lau egunez ibili dira Etxebarri baserriko margoak babesteko lanak burutzen, baserriko fatxada nagusian.
Laudioko Udalak ohar batean adierazi duenez, Laudioko ondarearen elementu esanguratsu honen ezaugarrietako bat dira fatxada apaintzen duten polikromiak, XVI. mendearen erdialdeko pintzeladurak. Bi geruzetako igeltsuzko morteroen gainean lehorrean margotzean oinarritzen da margo muralak sortzeko teknika hori.
Zaharberritze-lanek 10.672 euroko dirulaguntza izan dute foru erakundearen aldetik, obren balioaren %72.
Etxebarri baserria, kultura ondasun gisa aitortua
2011ko martxoaren 15eko Aginduak Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean Kultura Ondasun gisa aitortzen du baserria, Monumentu kategoriarekin, eta fatxadako dekorazioetan jartzen du fokua.
Etxebarri baserriaren berezitasuna da, halaber, Arabako beste bi baserri bakarrik ezagutzen direla garai hartako pinturekin: Ibarrola baserria, Izoriako Ibarra auzoan kokatzen dena, eta Izaga baserria, Okondon.
Sute baten ondorioz aurkitu ziren margoak 2009an, eta Pedro Echeverría Goñi historialariak aztertutako XVI. mendeko Arabako horma-pinturaren baitan koka zitezkeela ondorioztatu zen.
Echeverría Goñiren arabera, margolan horien egiletza Juan de Armona Urduñako pintoreari eta XVI. mendearen bigarren hereneko "eliza pintzeletako" espezialistetako bati esleitu ahal zaie.
Argazkiak: Asier Mardones