Kultur sorkuntza Aiaraldean

Nazioartean saritu dute Boniface Ofogo ipuin-kontalariaren lana

Maider Ramirez Martin 2024ko uzt. 4a, 14:27

Martxoan jaso zuen Boniface Ofogok Raquel Revuelta saria.

Ospe handiko Raquel Revuelta saria irabazten duen lehen ipuin-kontalaria da Ofogo. Kuban bertan zegoela jaso zuen berria. 

Kamerungo Bogondo herrian jaio zen Boniface Ofogo, eta hamazortzi urte darama Laudion bizitzen. Filologia Hispanikoa ikasi zuen Madrilen eta idazlea eta ipuin-kontalaria da lanbidez. Martxoan Kubara bidaiatu zuen eta Raquel Revuelta saria jaso zuen han, Unión de Escritores y Artistas de Cuba (UNEAC) elkartearen eskutik. 

Sekulako sorpresa hartu zuen Ofogok sari hori emango ziotela jakin zuenean. Izan ere, La Habanarako hegazkinean igotzean oso bestelakoa zen bere asmoa: ahozko literaturari buruzko Afropalabra jaialdira gonbidatu zuten, El Imperio de los Cautivos (I). Préterito imperfecto eleberria aurkezteko, eta sari banaketa baten markoan ipuin bat kontatzeko.

Bertan zegoela ohartu zen, beraz, bera izango zela saritua, UNEACeko zuzendari Marta Bonetek bere diskurtsoaren iraupenaz galdetu zionean. Zeri buruz ari zitzaion jakin ez eta momentuan inprobisatu behar izan zuen Ofogok hitzaldia. Hala ere, ezusteko polita izan zela adierazi du, “bihotzetik atera zitzaidalako eta guztiz zintzoa izan zelako”. 

Gainera, Ofogok azaldu duenez, sari hau ez da bakarrik berea. Izan ere, Afrika osoari eta ipuin-kontalariaren lanbideari eskaini nahi izan dio. Era berean, aipatu du ohore handia izan dela berarentzat saria Kuban jasotzea, izan ere, “maitasun-harremana” da, Ofogoren ustez, Kuba eta Afrikarena, eta bere jatorrizko kontinentea beste edozein herrialdek baino askoz gehiago babestu eta lagundu duela azpimarratu du.  

Ipuin-kontalariak: ofizio zahar berria 

32 urte darama Boniface Ofogok ipuin-kontalari lanetan eta 50 herrialde baino gehiago bisitatu ditu bere ogibidearen ondorioz. Eskola, unibertsitate eta liburutegietan emanaldiaz egiteaz gain, hainbat kongresutan ere parte hartu izan du.

Berea “ofizio zahar berria” dela dio; izan ere, egungo garai azeleratuan ia komunikazio guztia arlo digitalera mugatzen dela uste du, eta aurrez-aurrekoa salbuespena dela. Hortaz, ipuin-kontalari eta ahozko literaturzaleak “hitzaren aldeko militanteak” dira bere aburuz. Gainera, ipuin kontaketen ahalmena ere azpimarratzen du, bertan, hitza baino ez delako behar entzuleak beste unibertso batzuetara eraman ahal izateko.  

Sustrai afrikarrak erdigunean 

Narratzailea ez ezik, idazlea ere bada Boniface Ofogo, eta berak sortutako kontakizunek ere lekua dute bere emanaldietan. Hala ere, Afrikako ipuin tradizionalak kontatzen ditu gehienbat, hitza, ahotsa eta gorpuzkera baliatuta.

Bere helburua aurreko belaunaldien kultura aldarrikatzea da, aitite-amamen memoria berreskuratzea eta gosete eta hondamendiez harago doan Afrikaren irudia ematea.  

Etorkizunera begira hainbat proiektu ditu Ofogok esku artean. Izan ere, Kubara itzuliko da abuztuan, familiarekin herrialdea ezagutzera, eta hango Afrikako Etxean emanaldietan eta konferentzietan parte hartzera.

Gainera, El Imperio de los Cautivos (I). Préterito imperfecto eleberriaren bigarren zatia aurkeztuko du udazkenean: El Imperio de los Cautivos (II). Presente Continuo. Juan José Ibarretxe lehendakari ohiaren hitzaurrea izango du Ofogoren azken lanak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide