Urko Ruizek belar hockeyko Euskal Selekzioarekin jokatu du Lousadako Nazioarteko Txapelketa

Maider Ramirez Martin 2024ko uzt. 8a, 17:36

Euskal Selekzioarekin lehiatu da Urko Ruiz (goian, ezkerretik hasita hirugarrena) Portugalen. / Euskal Hockey Elkartea

Elkarren aurka jokatu zuten iaz ere Euskal Herriko eta Portugalgo selekzioek, Basque International Cup txapelketan. Aurrekoan ez bezala, Portugalgo selekzioa gailendu da asteburu honetan.

Urko Ruiz hockey-jokalariak Lousadara bidaiatu du asteburu honetan, Euskal Selekzioarekin batera. Bi partida jokatu dituzte bertan, Lousadako Nazioarteko Txapelketaren barruan.

Lehenengo partida berdindu eta bigarrena galdu zuen gizonezkoen taldeak. Larunbatean, gol bana sartu zuen talde bakoitzak, eta igandean, ordea, selekzio anfitrioia gailendu zen, bost gol sartu baitzituen, eta, gauzak horrela, euskaldunek lortutako bi golak ez ziren nahikoa izan norgehiagoka irabazteko.

Nahiz eta lortutakoa ez den emaitzarik onena, “sentsazio onarekin” bueltatu direla adierazi du jokalariak. Izan ere, “denboraldiari amaiera emateko partida politak izan dira”.

Hau ez da Urko Ruizek Euskal Selekzioa ordezkatzen duen lehenengo aldia. Esate baterako, iazko Basque International Cup txapelketan ere aritu zen, Portugalen; eta 2022an 18 urtetik beherakoen kategorian lehiatu zen, Espainiako Gazte Selekzio Txapelketan.

Dena den, laudioarrak ez zuen ziurtzat eman aurtengo deialdian ere egongo zela, harik eta Euskal Federazioaren mezua jaso zuen arte. Izan ere, Ruizek adierazi duenez, “maila altuko jokalari asko daude Euskal Herrian, eta azken zerrenda ikusi arte ez dakizu ziur bertan egongo zaren”.

Zentzu horretan, ilusio handiz hartu zuen berria, gutxi baitira nazioarteko partidak jokatzeko aukerak.

Hau ez da Urko Ruizek Euskal Selekzioa ordezkatzen duen lehenengo aldia. Basque International Cup-en eta Espainiako Gazte Selekzio Txapelketan parte hartu zuen aurreko urteetan.

Giro paregabea selekzioan

Emaitza alde batera utzita, selekzioan dagoen giroa “hobezina” dela adierazi du Ruizek. Izan ere, jokalari gehienek aurretik ezagutzen dute elkar, liga berean jokatzen dutelako. Beraz, oso ondo moldatu dira eta bizikidetza paregabea izan da. Portugalgo selekzioarekin, ordea, ez dute harreman handirik izan, hizkuntza dela medio komunikatzeko arazoak izan baitituzte.

Emakumezkoak garaile

Emakumezkoen Euskal Selekzioak ere Lousadako Nazioarteko txapelketan hartu du parte, eta emaitza paregabeak erdietsi dituzte norgehiagokan. Larunbateko partidan, 0-2eko emaitza lortuta agortu zen denbora. Igandean, marka hobetu eta 7 gol sartu zituzten, euren atea libre mantentzea lortuz gainera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide