Aldarrikapen kartelez estalia agertu zen atzo Laudioko Merkatuaren behin-behineko lokalaren erakusleihoa. Horien bidez, lan egin gabe 40 egun daramatzatela eta lan egin nahi dutela salatu dute merkatuko dendariek. Izan ere, ekain hasieran lekualdatu ziren Abastos plazatik Zubiko Kurajo kalera, baina dendak itxita izan dituzte geroztik.
Aurreko astean ireki ahal izango zutela uste bazuten ere, oraindik argi-kontagailuaren zain daude merkatuko bi negozio. Bitartean, lokalera hurbiltzen dira dendariak goizero, kontagailua instalatuko duten langileak agertzeko zain. Egunotan “etengabeko zalantzan bizi direla” adierazi dute; izan ere, ez dakite noiz helduko den une hori, eta “horretan lanean ari direla” da Udalak ematen dien erantzun bakarra. Dendarien aburuz, egungo egoera kudeaketa txarraren ondorio da, Abastos plazako obra iraun bitartean erabiliko zuten lokala egokitzeko lanak berandu hasi baitziren.
Kezka eta etsipena dira, beraz, nagusi Zubiko Kurajoko 2. zenbakiaren kanpoaldean. Izan ere, lan egin gabe daramatzaten 40 egunak “galera handiak” ekarri dizkiela azaldu dute merkatariek. Era berean, behin ateak zabaltzean bezeroak galdu izanak arduratzen ditu, eta beste ezeren gainetik, euren “lan jarduerari normaltasunez berriro ekin” nahi diotela adierazi dute.