Albeuven bizi zara. Zerk eraman zaitu Suitzako herri horretan bizitzera?
Maitasunak eraman ninduen. Suitzar bat ezagutu nuen, eta bizitzaren gorabeherak medio, bertara joateko erabakia hartu behar izan genuen. 25 urte pasatu dira ordutik. Momentuz, nire oraina hemen dago, baina ez dakit non egongo naizen etorkizunean.
Nolakoa da zure egunerokotasuna bertan?
Oso goiz altxatzen naiz, eta egun osoa aprobetxatzen dut horrela goizeko zazpietatik iluntzeko zortziak arte. Esnatu bezain pronto meditatu egiten dut, eta lanera joaten naiz ondoren. Etxebizitzak zaintzen ditut duela 23 urtetik, eta mendiz inguratuta bizitzeko pribilegioa dut.
Horrek sekulako bakea ematen dit, eta niri gustatzen zaizkidan gauzak egiteko inspirazio handia ere bai. Horregatik, etxera iristean bazkaldu egiten dut: Suitzan eguerdiko hamabietan jaten da, goiz samar.
Ondoren, eguneroko ariketak egiten ditut, eta gero margotzeko denbora hartzen dut, hori baita nire pasioa. Nire senarrarekin, alabarekin eta lagunekin egoteko denbora ere izaten dut.
Margolaria zara beraz. Zer motatako margolanak egiten dituzu?
Bai, duela hamarkada bat hasi nintzen, ez asko. Duela oso gutxi hazi da nigan grina hori, baina nire pasioa da, guztiaz ahazten naiz.
Margotzeari duela hamairu urte ekin nion, gaixotasun baten ondorioz: minbizia izan nuen, eta une horrek beti geroratu izan ditudan kontuen inguruan hausnartzera eraman ninduen. Momentu horretan geratu eta esan nuen: "noiz hori orain da".
"Jendeak denbora asko pasatzen du etxeetan, herrialde oso garestia baita"
Ez nekien nondik hasi, inoiz ez baititut margo klaseak jaso; baina margotzen hasi eta gauza berriak egiteko konfiantza hartu nuen. Margotzea niretzat erronka bat da.
Nolakoa da Albeuve? Eta Suitza?
Albeuve oso biztanle gutxiko herria da, eta lakuz zein mendiz inguratuta dago; naturan. Eraikin handirik ez dagoen tokia da, denak etxetxoak dira. Zortea da naturaren soinuekin esnatzea egunero.
Suitza oso herrialde diziplinatua da, jende guztia oso goiz esnatzen da, 12:00etan bazkaltzen daude, eta 20:00etan lo. Herrietan oso bizitza lasaia daramagu, kirol asko praktikatzen dira. Alabaina, jendeak denbora asko pasatzen du etxeetan, herrialde oso garestia baita. Orokorrean, natura protagonista den herrialdea da, baina Suitza zentzu guztietan herrialde aberatsa izateagatik da esanguratsua.
"Euskal Herrian dena dago egina bizitza sozialerako, hemen barnerago bizi gara"
Zer da Euskal Herritik faltan botatzen duzuna?
Familia, jakina. Baita bertako janaria ere, oso ona baita. Ildo beretik, bertako bizitza soziala ere botatzen dut faltan, Euskal Herrian dena dago egina bizitza sozialerako, hemen barnerago bizi gara. Jendearekin lotura ez da berdina, eta niri asko gustatzen zait sozializatzea.
Dena den, antzekotasun gehiago topatzen ditu ezberdintasunak baino. Bizi estiloa ez da bera, baina paisaia, etxeak... oso antzekoak dira. Asko erraztu dit Euskal Herrian bizitzeak Suitzara egokitzeko orduan. Suitza hil aurretik ikusi beharreko herrialdea da, munduaren birika da, merezi du.