Irailaren 15ean abiatuko da aurtengo Arte Hartze Zikloa eta Eider Garcia ilustratzaile amurrioarra izan da ekimenaren iruditegia sortzeko arduraduna. Horretarako, collage teknika baliatu du batik bat, eta hainbat artelan izan ditu inspirazio iturri: Suzanne Valadonen La Chambre bleue, Henri Matissen La Danse, Joaquin Sorollaren Paseo a orillas del mar eta Frida Kahloren Autorretrato con collar de espinas y colibrí. Obra horietaz gain, naturako elementuak ere baliatu ditu Garciak, eta horren adibide dira irudietan ikus ditzakegun hostoak edo zikoinaren atalak.
2024ko Arte Hartze Zikloa
Iaz bezala, Arte Hartze Zikloaren emanaldiak hamabost egunetik behin izango dira, igandero. Zuzeneko ikuskizunek hainbat arte diziplina barne hartuko dituzte, hala nola antzerkia, kontzertu eta hitzaldi performatiboak edo errezitaldi bertso-performatiboak. Horietako batzuk ziklo honen baitan baino ez dira egingo, ekimen honetarako propio sortuak baitira. Gainera, solasaldiak ere egongo dira, eta zikloan parte hartzen duten artistekin iritzi eta esperientziak partekatzeko aukera, beraz. Sei saio egongo dira guztira, eta azaroaren 23an emango diote bukaera, Arte Eman Festa ospatuta. Bertan, udan Faktorian euren proiektuak aurrera eramaten egon diren artistek zein sormen beka irabazi dutenek egindako lana aurkeztuko dute.
Aurtengo artista gonbidatuak
Hainbat dira aurten Arte Hartze Zikloan parte hartuko duten sortzaileak: Piszifaktoria ideien laborategia osatzen duten Mikel Ayllon, Igor Arzuaga eta Irati Agirreazkuenaga, Maialen Lujanbio, Beñat Urrutia, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro, Maider Lasa, Amorante eta Ane Gebara batuko dira ekimenera.
Hori gutxi balitz, Detroitetik etorriko da Shua Group performance kolektiboa ere eskualdera etorriko da. Faktoriako sortzaile egoiliarrei dagokienez, ziklo amaierako jaialdian izango dira Peru Galbete, Amaia Molinet, Maria Iturbe eta Maialen Ramirez, Jare Prieto eta Eva Perez-Pons. Gainera, antolatzaileek aurreratu dutenez, baliteke bidean ere sorpresaren bat egotea.
Hitzekin jolasean
Ia homografoak dira “arte hartu” eta “parte hartu” esamoldeak, eta pentsa daitekeenez, hori ez da kasualitatea. Izan ere, proiektu honek ere badu hori helburu: hartuemana eta elkarreragina, zentzu eta noranzko askotan.
Sortzaileen arteko harreman eta elkarlanak sustatzea, diziplinak fusionatzea eta sormena publikoari hurbiltzea dira, besteak beste, Arte Hartze Zikloaren asmoak. Era berean, hitzaren polisemiarekin ere jolastu dute antolatzaileek.
Izan ere, Elhuyar Hiztegiaren arabera, artea hartzea arnasa edota astia hartzea ere bada. Zentzu horretan, tarte batez gelditzea, arnasa hartzea, eta kulturari denbora eskaintzea ere bilatzen du proiektuak. Gainera, badago ere azken analogia bat: artea (quercus ilex) udazken garaian hostorik galtzen ez duen zuhaitza da, eta horrelakoa da ere sormena.