Goizeko lehen ordutik hurbildu dira bezeroak Zubiko Kurajora, Abastos plazan egin ohi zituzten erosketak behin-behineko kokapen honetan egitera, eta eguerdirako ilara luzeak zeuden merkatuko dendetan. Aurreko asteetako kezka eta zalantzak alde batera utzi dituzte, beraz, dendariek eta pozez eta ilusioz ekin diote berriro lanari, batez ere, bezeroen harrera zein izan den ikustean.
Oraindik espazio berrira ohitzen ari badira ere, gogoz eta martxa ondo hartuta ari dira merkatariak lanean. Hortaz, honako ordutegi hauetan erosi ahalko dituzte herritarrek arrainak, okelak, txarkuteria, eta bestelako hamaika produktu gourmet:
- Toñi arraindegia goizez egongo da zabalik, 8:00etatik 14:30ak arte.
- Ana Mari harategiak ere goizean irekiko du, 8:30etatik 14:00ak arte.
- Mari Paz urdaitegian, aldiz, uztailean goizez zein arratsaldez egin ahal izango dira erosketak. Goizean 8:00ak eta 14:00ak bitartean, eta 17:00etatik 20:00etara, arratsaldez. Abuztuan hasiko dira goizeko jardunarekin.