Euskararen Langile Profesionalen Elkartea da Lanartea, eta haien webgunean adierazten dutenez “euskaraz sortzen duten langileei zor zaie, ahalik eta baldintza hobeagoetan sortu ahal dezaten eta sortutakoaren balioa aitortua izan dadin.” 2019ko maiatzan abiatu zuen Lanarteak bere ibilbidea, orduantxe egin baitzuten I. Batzar Nazionala, geroztik hainbat ekimen jarri dituzte abian, eta bihar azalduko dituzte zehatz-mehatz Amagoia Gurrutxaga kazetariak eta Koldo Izagirre idazleak elkartearen nondik norakoak.
Eskualdeko eta kanpoko sortzaileak oholtzan
Horrez gain, beste hainbat interbentzio kultural egongo dira biharko hitzorduaren baitan. Izan ere, elkartekideak diren Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaran ere izango dira bertan, bakoitza bere diziplinan: trikiti doinuak eramango ditu Tapiak Faktoriara, eta Inurria ttirrittaka kontakizuna Barandiaranek. “Euskal sortzaileen aldeko kultur ipuin garratz bat” da azkenengo hori.
Eskualdeko sortzaileak ere igoko dira eszenatokira, eta, beraz, hitzordura bertaratzen direnek aukera izango dute Leire Ugarte urduñarraren poesiaz eta Igor Arzuaga laudioarraren abestiez gozatzeko.