Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Koadroan agertzen den Laudio hori desagertu egin da"

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 22a, 07:00

Jesus Langardi, bere margolanetako baten aurrean. / Aiaraldea.eus

JESUS LANGARDO 'SUSO' Bilboko margolaria da. Antonio Aldamaren adiskidea zen eta 1980ko hamarkadan Laudioko herriguneko koadroa margotu zuen. Berriki topatu du bere tailerrean eta Cosecha del 48 elkarteari eman dio. Taldeak zozketa antolatu du bere jarduerak finantzatzeko. Koadroa eskuratu nahi duenak taldeko kideei erosi ahal dizkie boletoak, 50 zentimoren truke.

Zein da koadroaren historia?

Ez du historia berezirik. 1980. urtean margotu nuen. Horrelako margolanak neuzkan gordeta, garai hartakoak, eta Laudioko hau ematea erabaki nuen. Garai hartako Laudio desagertu egin da, ez da gaur egungoa. 

Zer dela eta marraztu zenuen Laudioko irudi hori? Zer harreman duzu herriarekin?

Nire emaztea Laudiokoa da. Beraz, bera ezagutu nuenetik asko joaten nintzen Laudiora. Ni Arrasatera joaten nintzen lanera, eta asteburu guztiak Laudion igarotzen nituen. Hain zuzen ere, Antonio Aldamarekin asteburu guztietan geratzen nintzen marraztera joateko. Ez ginen Laudiotik bakarrik adibide, jai egun batzuk hartu eta La Albercara edo Omanesera ere joaten ginen adibidez, egun libreen arabera.

Nola trebatu zinen margolari izateko?

Arte eta lanbide eskolan aritu nintzen 1964an. Erandioko tailer bateko bulego teknikoan lan egiten nuen orduan. 1966an, baina, Arrasateko beste fabrika batetik deitu zidaten eta hara joan nintzen. Eskolan aritu nintzen urte haietan ikasi nuen.

Hala ere, ibilbidea egin duzu margolari gisa.

Ez, margolari gisa ez. Leku askotan jarraitu dut erakusketak egiten, baina nire lana beste bat zen. Kontua da betidanik gustatu zaidala pintura.

Non egin dituzu erakusketak?

Hondarribian eta Donostian hasi nintzen erakusketak egiten, horiek finkoak ziren. Gero Baisalan, Gijonen, Gasteizen eta Madrilen hasi nintzen erakusketak egiten.

Zer izan da zure lanetan marraztu duzuna?

Denetarik. Nire pintura ikusten baduzu, askotarikoa da. Ez dira bakarrik paisaiak, baita irudiak, arlekinak, jaiak, inauteriak eta bohemiar irudiarekin zerikusia duen guztia ere. Paisaiek badute ukitu berezi bat, alaiak dira, baina nire izaeraren araberakoak betiere.

Laudioko garai hartako koadro gehiago dituzu?

Bai, izango dut. Ez dakit zehatz mehatz, etxean eta biltegian daukadan guztia nahasten aurkitzen baititut koadro hauek. Badaukat garai hartako lanen bat, Laudioko plazako zezenena agian, eta etxe zaharren bat ere bai. Badakit dauzkadala, baina ez dakit non dauden.

Marrazten jarraitzen duzu oraindik?

Bai, marraztea bizioa da niretzat, gogoa dudanean egiten dut. Hori bai, ez lehen bezala, lehen galeriek pixka bat behartzen baininduten. Urte batzuetan hiru galeriatan egon naiz aldi berean erakusgai, baina erretiroa hartu nuen, eta galeriak jada ez dira lehen zirenak. Nahi dudanean marrazten dut orain, helbururik gabe.

Zer eman dizu zuri pinturak?

Oso zoriontsu egin nau. Ez dut margotzen obligazioagatik, gustuagatik baizik. Erakusketa bat izan arren, eta horrek pixka bat behartzen nauen arren, gustoz margotu dut beti. Nahigabe margotzen baduzu, ezin zaizu ondo atera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide