ANE RUIZ

“Edo Latiorroko eskola publikoan ematen diote plaza nire semeari, edo lana utzi beharko dut ikastetxera eramateko”

Aitor Aspuru Saez 2024ko uzt. 24a, 12:36

ANE RUIZ (Laudio) ama da eta oraindik ez daki bere semeak zein ikastetxean izango duen plaza irailean. Berak aldarrikatzen du Latiorro Eskolan eskatu dutela tokia, baina ez diotela onartu momentuz. Izan ere, Gardean bizi dira, herrigunetik urrun, eta garraioa eskaintzen duen hezkuntza zentro bakarra da Latiorrokoa.

Une hauetan ez dakizue nola antolatuko duzuen hurrengo ikasturtea. Zein da zuen egoera?

Hasiera batean, matrikula egin genuenean, Laudio Ikastolan izena eman genuen, herrigunean bizi baikinen. Esan ziguten ez zela inolako arazorik egongo eta, ondorioz, ez genuen bigarren aukerarik zehaztu.

Hilabete bat igaro ondoren, adierazi ziguten ez genuela plazarik Ikastolan. Helegitea aurkeztu genuen eta erantzun ziguten ez genuela tokirik eta beste ikastetxe batera joan beharko ginela. 

Gero, familia egoera aldatu da eta umea eta biok Gardean bizitzera joan gara. Ondorioz, Latiorro Eskolan eskatu genuen plaza, garraio publikoa eskaintzen duen ikastetxe bakarra delako. Ezetz erantzun digute. 

Zer suposatzen dizu ezezko horrek?

Latiorro ikastetxe publikoa da eta horregatik eskaintzen du garraio zerbitzua. Berez, gure etxetik bi kilometrora dago. Gainerako eskolak hiru kilometrora daude.

"Garraioa izango bagenu, ez nuke lan utzi beharko semea ikastetxera eramateko, eta hori bakarrik eskaintzen du Latiorro eskola publikoak"

Nik eraman behar badut ikastetxera, lana utzi beharko dut. Ordea, Latiorrora joango balitz, etxeko atetik garraiatuko lukete eskolara eta, hortaz, ez nuke lana utzi beharko.

Ez dakigu ezer, Hezkuntza Ordezkaritzaren erantzunaren zain gaude.

Zuena da kasu bakarra?

Ez, badago beste familia bat Latiorron lau urteko gelan duena semea. Hala ere, Hezkuntza Sailak esan die alaba beste ikastetxe batera bidali behar dutela.

Horrez gain, badago beste familia bat Latiorron matrikula nahi duena, baina ez diete uzten. Egoera berean gaude guztiok, zain.

Zein da arazo nagusia?

Guk, gure familia egoeraren ondorioz, matrikulazioa aldatu dugu ekainean, baina Ordezkatitzak dio ez duela beste gela bat irekiko Latiorron, bi urteko gela ez delako derrigorrezkoa eta badagoelako beste ikastetxe bat Laudion hiru umeak hartzeko. 

Horrez gain, ez dizute erantzuten.

Hala da, behin eta berriro deitzen diet eta ez didate erantzuten. Euren lehen erantzuna izan zen bi urteko gela ez dela derrigorrezkoa eta umea etxean gera daitekeela.

"Hezkuntza Ordezkaritzako lehen erantzuna izan zen bi urteko gelara eramatea ez dela derrigorrezkoa eta umea etxean gera daitekeela"

Nik esan nien guk beharrezkoa dugula eskolara eramatea, lan egiteko. Orduan Aintzane Arrese ordezkariaren helbide elektronikoa eman zidaten, idatzi nion eta ez dut erantzunik jaso.

Ofizialki izan dudan erantzuna da Ikastolan matrikulatzen saiatu ginen helegiteari buruzkoa. Beharrezkoa dugun erantzuna ez dute eman.

Ez badizute erantzuten zein izango da zure egoera?

Lan egiteari utzi beharko diot umea eskolara eramateko. Horrek esan nahi du aukeratu beharko dugula, edo eskolara joan edo bitarteko ekonomikoak izan. Nahiko etsigarria da egoera.

Zuek erdibideko konponbideak proposatu dituzue.

Bai, hitz egin genuen Latiorroko zuzendaritzarekin eta proposatu dute, Hezkuntza Sailak beste gela bat ireki nahi ez badu, tutore bat gehiago egotea umeak hartu ahal izateko. Berez, seigarren mailan egoera hori gertatzen da, plaza kopurua bi umerekin gainditzen dute eta tutore bat gehiago jarri dute. Guk aukera bera eskatzen dugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide