Jare, Gordura piezaren sortzaile eta antzezlea zara. Zelan sortu da proiektu hau?
J.P: Proiektu hau duela urte bat sortu zen. Nire koadernoan idazteko ohitura daukat, hasi nintzen idazten, eta pieza hau sortu zen. 'Ay Dragmela' taldean aurkeztu nuen lehenengo aldiz.
Lodifobia lantzen duen proiektua da nagusiki.
J.P: Bai. Ni lodia izanda uste dut beharra neukala bizi dudan biolentzia azaleratzeko, jendeari erakusteko.
Evarekin batera, piezaren euskaratze performatiboan murgildu zarete. Eva, zuk itzultzaile eta laguntzaile tekniko lanak bideratzen dituzu. Ez duzu soilik pieza euskaratu, baizik eta euskaratze performatiboa egin duzu. Zelakoa izan da prozesua?
E.P: Jarek proposatu zidan pieza euskaratzea, nahiz eta testu horretan dagoen edukiekin nire gorputza ez datorren bat, baina Jarek esan zidan berarentzat garrantzitsua zela ni hor egotea. Hori izan zen sortu zen lehenengo eztabaida edo elkarrizketa.
Itzulpen prozesua bai izan dela prozesu baten parte. Ez da izan itzulpen bat eskaintzea eta horrekin geratzea. Kontrara, hasiera batean itzulpen literalagoa egin dugu, eta gero biok batera eseri gara ikustera ea ze parte aldatu nahi genituen, testuaren erritmoa eta zentzua mantentzeko. Biok egon gara moldaketak egiten eta erritmo hori lortzen.
Eta lortu duzue?
E.P: Nik uste baietz.
J.P: Bai, esango nuke baietz. Hitzak edo esaldiak aldatzean, euskaraz edo gazteleraz ez dira berdin esaten, baina behintzat mezua bera izatea zen helburua.
E.P: Erraztasuna eman du bai itzultzailea bai edukiaren sortzailea batera egoteak, pertsona bakoitzak ez duelako berdin antzezten. Bion parte hartzea garantzitsua da momentu oro.
Lau zatiz osatuta dago pieza, eta horiek landu dituzue egonaldian. Zer jorratzen da bakoitzean?
J.P: Hau idatzi nuenean lau testu ziren, ez zeukatenak zerikusirik haien artean. Irakurri nituenean ikusi nuen ez zutela harremanik. Lehenengo zatia kanpora begira bizi izan ditudan biolentzien ingurukoa da.
Bigarrena, berriz, nire identitate edo etiketei buruzkoa, beti “lodi” terminoan bukatzen direnak. Lodi izateak pisu handia dauka nire bizitzan. Hirugarrena gazteleraz mantendu dugu, dauden esaldiak edo hitzak nire bizitzan zehar entzun ditudan biolentziak direlako, eta horregatik bere horretan utzi ditugu. Itzultzerakoan zentzua aldatzen dela uste dut.
Eta laugarrenak kolektibizatzean jartzen du arreta, lagun lodiak edukitzeak nola laguntzen duen eta norberaren mina besteetan ere ikusten dela nabarmenduz. Finean, mina edo biolentzia kolektibizatzean.
Lodi izateak pisu handia dauka nire bizitzan.
Zure bizipenetan dago guztiz oinarrituta, beraz
J.P: Bai, dena. Gogorra da hor sartzea, berriro bizitzea, baina uste dut gogoak ditudala kanporatzeko, orain arte nik bakarrik bizi izan dut, eta pieza honekin lortu nahi dudana da jendeak ikustea bizi izan ditudan biolentziak.
Pieza honekin lortu nahi dudana da jendeak ikustea bizi izan ditudan biolentziak.
E.P: Hirugarren aktoan, adibidez, mezua arrotza izanda, lortu dugu kanpo ahots hori hizkuntzari eta tonuari dagokionez ere arrotza izatea.
J.P: Bai, egia da. Hizkuntza ezberdina izanda, desberdintasuna handiagoa da, eta bolumena ere altuagoa da.
E.P: Kanpotik datorren ahotsa, garraxika dabilena, irainak botatzen, biolentzia botatzen.
J.P: Gainera, esaten dudan guztia izan da bere horretan niri esan didatena. Beraz, garrantzitsua zen ez aldatzea.
Ver esta publicación en Instagram
Lodifobiaren kontrako borrokan zabiltza Jare, 'Ezin kabitu'-n militatu izan duzu, besteak beste.
J.P: Bai, Ezin kabitu-n militatu dut, eta orain transgordura hitzaldi batekin nago. Behin egin dut baina asmoa da gehiago mugitzea. Beharra daukat kanporatzeko pribilegioak aldatu behar direla, eta lagun argalek ere lodifobiaren kontra egin ahal dutela. Guztion borroka da, ez bakarrik pertsona lodiona.
E.P: Plano diferenteetan egon ahal gara. Azpiegitura muntatzen edo hitzaldia leku batetik bestera mugitzen lagundu dezakegu. Presente edo ikusgarri egon gabe.
Baduzue esperientzia batera lan egiten, izan ere, Ay Dragmela drag ikuskizunean batera ibili zineten. Horrek erreztasunak ematen ditu?
J.P: Bai. Gainera egunerokotasunean ere elkarrekin gaudenez, erraza da elkar komunikatzea eta bakoitzaren erritmoak errespetatzea.
E.P: Normalean ez gara egunero egoten. Baina egonaldiak 6 egun hartu ditu, goizetik arratsaldera arte, eta hor beharrezkoa da bakoitzaren erritmoak eta energiak ezagutzea eta neurtzea, eta horren arabera lan egitea. Lagunak izateaz gain, bai lagundu duela Ay Dragmelan lan egiteak, arlo artistikoan elkar ezagutzeko.
Faktorian egin duzuen egonaldi artistikoa aipatu duzue, zelan esperientzia?
J.P: Nahiko intentsoa. Espazioa oso ondo dago, argiarekin arazo batzuk izan ditugu, iluntasuna behar genuen eta espazioa oso argitsua da, baina uste dut konpondu dugula. Bestalde, baliabide asko daude lan egiteko: audioa grabatzeko, saioak grabatzeko tripodea, proiektorea… Hemen bazkaldu dugu egunero, gainera, oso goxo. Espazio lasaia da, lan egiteko oso ondo, gustora.
Saio irekia eskainiko diozue komunitateari gaur, 19.00etan. Zer espero duzue?
J.P: Saioa nire herrian denez, nahiko urduri nago. Normalean ez denez nire publikoa ez dakit nor etorriko den. Audioa, proiektorea… dena ondo ateratzea ere garrantzitsua da.
Ver esta publicación en Instagram
Etorkizunera begira, ze asmo duzue proiektu honekin?
J.P: Luzatzea da asmoa, eta antzerki moduko bat egitea. Leku ezberdinetan aurkeztea eta asko mugitzea.