“Bartzelonako Joko Olinpikoetan lortutako urrezko domina gehiago estimatu nuen Atlantan azkenak izan ginenean”

Aitor Aspuru Saez 2024ko uzt. 26a, 12:50

Silvia Manrique ezkerrean 1992ko Joko Olinpikoetan garaipen bat ospatzen. / S. M.

SILVIA MANRIQUEk (Laudio, 1973) 1992ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen eta, gainera, urrezko domina irabazi zuen hockeyko diziplinan.

Zein da zure oroitzapena 1992ko Olinpiaden inguruan?

Imajina ezazu. Oroitzapen oso ona daukat, ametsa betetzea izan zen.

Une horietan 19 urte zenituen. Nola heldu zinen Joko Olinpikoetara?

1990eko urtarrilean ikusi ninduten Laudion, Espainiako gazte kategoriako txapelketan. Proposatu zidaten 18 urte azpiko selekzioarekin joatea eta uda horretan 21 urte azpiko selekzioarekin aritu nintzen. Irailean Madrilera joan nintzen bizitzera eta selekzio absolutura heldu nintzen abenduan. 

Hurrengo urtean egon nintzen Europako Txapelketako prestaketan eta Joko Olinpikoetakoan. Dena oso azkarra izan zen. 

Oso gaztea nintzen eta emaitzak borobilak izan ziren. Banekien lan handia egin behar nuela heltzeko, baina Bartzelonan lortutako urrezko domina Atlantako Joko Olinpikoen ostean estimatu nuen gehien, bertan azkenak izan ginelako.

Hor konturatu nintzen asko prestatu eta entrenatu zaitezkeela baina, zorte apur bat ez baduzu, helburuak bete gabe gera zaitezkela.

1989an norbait esan izan balizu 1992an urrezko domina eskuratuko zenuela, zer pentsatuko zenukeen?

Ez nukeen sinistuko inondik inora. Are gehiago, 1989an AEKn nenbilen euskara ikasten eta ariketa batean galdetu ziguten zeintzuk ziren gure hiru ametsak. Bat bazen domina olinpikoa irabaztea. Ez nengoen ezta selekzioan ere, guztiz ezinezkoa zen nire buruan. Beste ametsak ziren astronauta izatea eta nahi nituen ikasketak amaitzea.

"1989an AEKn egindako ariketa batean adierazi nuen domina olinpikoa irabazi nahi nuela. Ezinezko helburua zen. Beste ametsak ziren astronatu izatea eta nahi nituen ikasketak amaitzea"

Nola baloratzen duzu zure parte hartzea 1992ko Joko Olinpikoetan?

Ezin positiboagoa. 1990eko abenduan egin nuen debuta selekzioarekin eta 1992ko abuztuan urrezko domina ari ginen jasotzen. Joko Olinpikoetako minutu guztiak jokatu nituen eta finalerdietan sartu gintuen gola egin nuen. Dena perfektua izan zen.

Jakina, lan eta izerdi ugari egon zen aurretik. Entrenamendu saioak basatiak ziren. 1992ko urtarrilean Kubara jo genuen entrenatzera. Zortzi ordu edo gehiago entrenatzen genuen egunero eta niri 100 kiloko zama jarri zidaten bizkarrean zenbait ariketa egiteko. Oso gogorra izan zen, baina arrakastak dena ezabatzen du.

Orain hobeto baloratzen duzu?

Bai. Hockeyko selekzioak ez zuen aurretik Joko Olinpikoetan parte hartu. Inoiz ez zen sailkatu eta 1992koetan geunden Bartzelonan zirelako, antolatzaileak izateagatik. 

Egia da lau urte lehenago selekzioko hautatzaileak galdetu ziela taldeko kideei zer nahi zuten. Ordura arte bezala entrenatuz gero, litekeena zen azkenak izatea. Apur bat gogorrago trebatuta, partidaren bat irabazteko aukera egongo litzateke eta modu jasanezinean eginez gero domina eskuratzeko aukera izango lukete. 

Ez zegoen bermerik, baina gutxienez Australia edo Alemaniari aurre egiteko parada nahi zuten. 

"Dena perfektua izan zen 1992an"

Une horretan zeuden jokalariek erantzun zuten entrenamendu jasangaitzen bidea hartu nahi zutela, ahalik eta hoberen egiteko. Ni bi urte beranduago sartu nintzen selekzioan eta plan hori bazegoen.

Dena den, lehen aipatu bezala, izugarrizko lana egin genuen, baina gero zorionekoak izan ginen. Alegia, Atlantako Joko Olinpikoetarako gogorrago entrenatu ginen eta azkenengoak izan ginen. Ez genuen zorterik izan. Kirol orotan gertatzen da.

Nola bizi izan zenuten Joko Olinpikoetan ikustea partidaz partida ondo egiten ari zinetela?

Duela gutxi hitz egin genuen eta guztiok geunden ados oso hautatzaile berezia izan genuela. Dominen artean horia zen gogokoena berarentzat eta hori irabaziko genuela esan zigun. 

"Selekzioak ez zuen aurretik Joko Olinpikoetarako sailkapena lortu, Bartzelonan egon ginen antolatzaileak izateagatik"

Hala ere, lehen partida 2-2 berdindu genuen Alemaniaren kontra eta kolpea izan zen guretzat. Edonola ere, 2-0 hasi ginen galtzen eta berdintzea lortu genuen. Hori Europako txapeldunaren aurka. Horrek zerbait iradoki zigun. Gero Kanadari irabazi genion gol bakarragatik. Talderik ahulenen artean zegoen eta nekez menperatu genituen.
Berezia izan zen Australiaren kontrako norgehiagoka. Txapeldun olinpikoak ziren eta garaitu genituen. Horri esker finalerdietan sartu ginen eta oso argi genuen urrezko dominaren bila joango ginela.

Finalean Alemaniarekin egin genuen topo berriro eta irabazi nahi genuen.

Atlantan Joko Olinpikoen beste aldea bizitzea egokitu zitzaizun, ordea.

Bai. Bartzelonan dena jokatu nuen, Australiaren aurka gola egin nuen finalerdietarako txartela lortzeko… Garrantzitsua nintzen eta kontuan hartzen ninduten.

Atlantan kontrakoa izan zen. Ordezkoa izan nintzen. Egia da partida guztietan jokatu nuela, baina besteak ordezkatzeko. Norgehiagoka bakarrean izan nintzen titular. Justu kontrakoa. 

Bestalde, Bartzelonako hiribildu olinpikoa ikusgarria zen eta Atlantakoa… amerikarra zen. Ez zuen zerikusirik.

Nola antolatu zinen garai horietan?

Ni Madrilera joan nintzen hockey belarrean ikasi nahi nuelako. COU ikastera etorri nintzen eta garrantzitsuena ikasketak ziren. Gero heldu zen hockeyaren saria.

COU ikasi nuen, baina hurrengo urtean utzi behar izan nituen ikasketak Joko Olinpikoak prestatzeko. Gidabaimena eskuratu eta ingelesa ikasi nuen. 

Europako Kopa dela eta ezin izan nintzen joan institutura hiru hilabetez eta txarto egin nuen hautaproba. Nire notek behera egin zuten. Hortaz, Joko Olinpikoen ondoren errepikatu nuen hautaproba. Irailean egin nuen eta hobetu nuen. Hori bai, nahi nituen plazak beteta zeuden unibertsitatean.

Atlantako hitzorduarekin unibertsitate ikasketak bost urtetan amaitu ordez, sei urtetan egin nuen. 

Nolakoa zen zure bizitza zure lagunekin alderatuta?

1990eko irailean joan nintzen Madrilera bizitzera. Nire lagunek jarraitzen zuten parranda egiten, baina ni gehiago zaintzen hasi nintzen. Egia da ez nintzela oso parrandazalea. Garagardoa oso gogoko dut, baina ez kopak hartzea. Eurek zeuketan bizitza bat eta nik bestelakoa. Batzuek lan egiten dute, besteek ikasten dute eta nik kirola egiten nuen. Hain zuzen, nik ikasten nuen eta kirolaria nintzen. Horretara bideratzen nuen nire bizitza.

Ez nuen kostata egiten eta ez dut uste ezer galdu dudanik. Are gehiago, geroago nahi izan dudanean egin dut.

Orain nola biziko dituzu Joko Olinpikoak?

Dena ikusiko dut. Oso txarto pasatzen dut. Izugarri urduritzen naiz. Nahiago dut jokatzea. Kirol guztiekin gertatzen zait. Nire alaba ikusten dudanean ere. Nik gehiago sufritzen dut ikusle moduan jokalari gisa baino.

"Nuria Larrinaga laudioarrak irakatsi zidan hockeyan jokatzen eta asko maite dut"

Dena den, palmares oso handia duzu.

Bai, Europako bi txapeldunordetza selekzioarekin 1995ean eta 2003an. 32 urterekin proposatu zidaten joatea txapelketara.

Klubetan ere aritu zara.

Bai. Real Sociedad klubarekin aritu nintzen 1991/1992 denboraldian. Nik Laudion jokatzen nuen, baina exijitu ziguten maila goreneko klub batean egotea. Gero Madrilgo Club de Campora pasa nintzen. Izan ere, Realarekin jokatzea erokeria zen niretzat. Asteburu guztietan bidaiatu behar nuen. Beti nintzen bisitaria, nolabait. 

Nola gogoratzen duzu Laudioko garaia?

Oso ondo. Jarraitzen dut harremana izaten nire garaiko jokalariekin. Adibidez, ekainean Espainiako Txapelketa jokatu genuen 40 urtetik gorakoentzat eta Nuria Larrinagarekin egon nintzen. Berak irakatsi zidan jokatzen eta maite dut. Pili Odriozola ere egon zen, berarekin txikitan jokatu nuen eta asko poztu nintzen bera ikustean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide