Laudioko EAJk oharra zabaldu du Laudioko EH Bilduren udal gobernuaren gardentasun falta kritikatzeko. Bertan azaldu dutenez, atzoko Udal Osoko Bilkuran galde-eskeen txanda erabiltzeari uko egin zioten jeltzaleek, protesta gisa.
Izan ere, haien esanetan, gobernu taldeak ez die planteatutako galderei erantzuten, eta egiten duenean “ez du informazio egokia eta egiazkoa ematen”.
Maite Cortazar zinegotzi jeltzaleak hartu zuen hitza plenoan eta, egoera hori salatzeaz gain, adierazi zuen hainbatetan eta hainbat bidetatik eskatu duela EAJk informazioa, “foro, osoko bilkura, gobernu-batzar edo batzordeetan zein idazkien bidez”.
Ildo horretan, Cortazarrek nabarmendu zuen ez dutela duela bi aste egindako Tokiko Gobernu Batzarrean zein astelehen honetan bertan eskatutako informazioa jaso, eta idatziz aurkeztuko dutela eskaera.
Era berean, oposizioak zein herritarrek "informazioa eskuratzeko dituzten eskubideak" urratzen ari direla salatu zuen zinegotziak, eta gaineratu zuen, horren aurrean, baloratzen ari direla “behar besteko neurri legal edo administratiboak" hartzea.