Kronograma bat ezarri nahi du Laudioko Udalak, dirulaguntzen tramitazioarekin dagoen blokeoa gainditzeko

Txabi Alvarado Bañares 2024ko abu. 2a, 09:15

Laudioko Udal Osoko Bilkura baten irudia. / Aiaraldea.eus

EAJak aurkeztutako mozio bat onartu zen asteleheneko Udal Osoko Bilkuran, diru-laguntzak ahalik eta lasterren tramitatzea eskatzeko. 

Laudioko kultur eta kirol elkarteen diru-laguntzen tramitazioan dagoen blokeoa izan zuten eztabaidagai asteleheneko Udal Osoko Bilkuran. Mozioa aurkeztu zuen oposizioko taldeak, diru-laguntzen tramitazioa ahalik eta lasterren egitea eskatzeko. Horrez gain, kultur eta kirol elkarteekin mahai sektorialak deitzea ere eskatu zuten jeltzaleek, laguntzen egoeraren berri emateko. 

EH Bildu eta Omniak mozio alternatibo bana aurkeztu zuten, baina ez ziren bozkatzera iritsi, jeltzaleena gailendu zelako, PSE-EEren babesarekin.

Hala ere, berez, adostasun nahikotxo egon zen talde politikoen artean. Guztiek onartu zuten arazo bat dagoela diru-laguntzen tramitazioarekin. Horri aurre egiteko moduetan daude desadostasunak.

EAJrentzat, lehentasuna da une honetan dagoen arazoa konpontzea. Jeltzaleek argudiatu zuten badaudela pertsona batzuk kredituak eskatu behar izan dituztenak diru-laguntzetako dirua aurreratzeko. “Dolumin Barikuan, adibidez, 10.000 euroko kreditua eskatu behar izan zuten sariak finantzatzeko”, nabarmendu zuen Ander Añibarrok. 

EH Bilduk ez zuen ukatu une honetan dagoen arazoa bideratzea premiazkoa denik, baina nabarmendu zuen arazoa estrukturala dela. “Diru-laguntzen afera hau barrutik eta kanpotik ezagutzen dugu denok, arazo hau ez delako legealdi honetan sortu”, nabarmendu zuen Ainize Gastaka alkateak, “kudeaketa honetan errotuta daudela dirudi atzerapenak eta, nire ustez, arazo estruktural bat bezala identifikatu eta soluzioak bilatzen hasi behar gara denok”.

Bi faktore nagusi daude atzerapenen atzean, Udal Gobernuaren aburuz: araudietan “burokrazia gehiago” sartu dela eta Udaleko “zuzendaritza teknikoan” ere aldaketak egon direla

Gauzak hala, 2025an jarri zuen begirada gobernuburuak. Aurreratu zuenez, diru-laguntzen kronograma bat osatu nahi dute datorren urterako, epe batzuk adosteko elkarteekin zein udaleko teknikariekin. 

Horren aurrean, EAJk erantzun zuen udal gobernuaren ardura dela dirulaguntzen tramitazioa, eta nabarmendu zuen, aurreko legealdietan ere atzerapenak egon diren arren, laguntzak ez direla aurten bezain berandu tramitatu.

Izan ere, une honetan, jaietako diru-laguntzak soilik daude bideratuta. Gainontzeko kirol eta kultur elkarteenak prozesuan daude oraindik. Jeltzaleek begi onez ikusi zuten datozen urteetarako kronograma bat osatzea, baina dokumentu hori “dagokion batzordera” eramatea eskatu zuten, bertan landu ahal izateko. 

Non dago arazoa?

Dena den, zergatik ari da atzeratzen horrenbeste diru-laguntzen tramitazioa? Iñigo Martinez Cerrillok bi gako nagusi azaleratu zituen udalbatzan eskaini zuen hitzartzean. Ogasun, kontu-hartzailetza eta diruzaintza eta langile zinegotziaren esanetan, “aldaketa normatibo” ugari egon dira azken urteetan dirulaguntzen esparruan, “burokrazia gehiago” ekarri dutenak.

“Horren ondorioz, eragileek une honetan ez gaituzte ikusten bidelagun bezala, fiskalizazio eta kontrola eramaten dutenak bezala baizik”, argudiatu zuen Udal Gobernuko ordezkariak, eta “lidergo eta konfiantza” hori berreskuratzea jarri zuen helburu. 

Horrez gain, Martinezek gaineratu zuen iaz aldaketa ez zela soilik egon Udaleko “zuzendaritza politikoan”, baita “zuzendaritza teknikoan” ere. Hau da, tokiko erakundeko teknikarien artean ere aldaketak egon direla, eta horrek ere eragina izan duela egoeran.

Gauzak hala, zinegotziak ondorioztatu zuen “trantsizio urtea” izan dela honakoa, eta ziurtatu zuen dirulaguntzena arazo estruktural bat izan dela udalean, “baina ez dela berriz izango”. 

Hemen ikusi daiteke eztabaida osoa, 58. minututik aurrera:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide